Itsasontzi itxurako tarta erraldoia banatu dute
http://youtu.be/iclgpULcmAA
Pastelak taldeko gozogileek ere bat egin dute Bigarren Mendeurreneko jarduerekin, eta 1.500 lagunentzako tarta erraldoia prestatu dute herritarren artean banatzeko.
Zazpigarren mugarriaren baitan egonik, itsasoan girotu dute tarta erraldoia ere. Itsasontzi itxura eman diote zortzi metro luze eta zabaleran metro bat duen tartari. Gainean, txokolatezko harresi zati bat jarri diote, 1813ko erreketa irudikatzeko.
Pastelak taldeko kideek lan handia egin dute tarta erraldoia prestatzen. Baina gunera gerturatu diren herritarren gosea ere neurrikoa nonbait, eta berehala galdu du itxura hostopil eta kremazko itsasontzi erraldoiak.
Dena dela, gaur Bigarren Mendeurrenarekin lotutako tarta jaterik izan ez duenak, Pastelak taldeko gozotegietan izango du aukera. Izan ere, gaur banatu dutenaren antzeko tarta gehiago egingo dituzte hemendik aurrera; neurri txikiagokoak, noski.