Ernst Reijseger, Harmen Fraanje eta Mola Sylla. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Reijseger/ Fraanje/Sylla trioak Heineken Terrazan joko du gaur 23:00etan.
Ernst Reijseger, Harmen Fraanje eta Mola Sylla. Bi holandarrek eta senegaldar batek osatzen duten hirukoa dira. Hirurak batera edo bikotean hainbat proiektutan parte hartu dute; sei urte eman dituzte elkarrekin jotzen. Werner Herzogek zuzendutako hainbat filmen musika egin dute: Cave of Forgotten Dreams, The Wild Blue Yonder… Euren lehen diskoa, ordea, orain iritsi da: Down Deep du izenburua. Argitalpena atzeratzeko arrazoiak asko izan direla azaldu dute. Batetik, Winter and Winter diskoetxeko arduraduna gaixo egon zela esan dute, eta hura osatu arte itxaron behar izan dutela. Bestetik, taldekideek beste hainbat proiekturi heldu diete.
Reijseger txeloa 1999ko Jazzaldian izan zen. Udaletxean jo zuen, udalbatza aretoan. Areto ederra dela esan du, baina kontzertu on bat egiteko baldintzak ez zirela eman azaldu du: “Bero handia egiten zuen, eta leihoak ireki behar izan zituzten. Zarata asko sartzen zen kanpotik, eta ezin izan nuen gozatu”. Bertara itzuli eta mendekua hartzeko gogotsu dagoela esan du barre artean.
Oraingoan Heineken terrazan ariko da Reijseger. Gaur asteazkena izango da beraien emanaldia, 23:00etan. Fraanje (pianoa) eta Sylla (perkusioa, ahotsa) izango ditu lagun.
Reijsegerrek txeloa jotzeko modu bitxia du. Batzuetan jazzeko kontrabaxua balitz bezala jotzen du, eta gitarra bat balitz bezala beste batzuetan. Halere, teknika edo jotzeko modua ez da garrantzitsuena beraien ustez. Entzuten denari baino, sentitzen dutenari ematen diote garrantzia: “Gure musika helarazi nahi dugu, gure musikarekin komunikatu”.
Soinu probetan eta zuzenekoan bertan inprobisatzea gustatzen zaiela plazaratu dute: “Une garrantzitsuena eszenatokian gauden una da. Publikoa hor dago, eta orduan gustatzen zaigu kontzertua sortzea”.
Prentsaurrekoan hainbat galdera egin dizkiete kazetariek, eta esker onez agertu dira hiru musikariak. Halere, beraien musika ulertzeko moduri onena euren zuzenekoa ikustea dela aitortu dute, zaila baita beraien musika azaltzea: “Ezin dugu gure musika hitzekin azaldu, horregatik jarraitzen dugu jotzen”.