Alkatea, udal taldeetako bozeramaileekin hitz egiten, gaurko udalbatzarrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Uztaileko udalbatzarrean Juan Karlos Izagirre alkatearen agerraldia eskatu du PSE-EEk, Igeldoren desanexioaren gaiari buruz hitz egiteko. Udal gobernuak azalpenak eman ditu, baina Bilduren bozeramaile Josu Ruizen bidez, ez alkatearen bitartez. Hain zuzen ere, Izagirrek Igeldoren desanexioari buruzko eztabaida eta batzordeetan ez duela parte hartuko jakinarazi du, eta udalbatzarra utzi du gaia mahaigainean egon denean, legeak hala ahalbidetzen duelako. Itxas Aurre elkarteko presidente izan zen Izagirre, igeldotarra da, eta horregatik eztabaidatik kanpo egotea egokiena dela esan du, neutraltasuna bermatzeko.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascoren kritikatu jaso du alkatearen erabakia. “Hiriari eragiten dion gai garrantzitsu bati buruz hitz egiteko garaian, alkatea ez da egongo”, gaitzetsi du, eta agerraldia eskatzeko arrazoia esplikatu du. “Informazioa jaso nahi dugu, honi buruz ez baitute hitz egin nahi ez Izagirrek, ezta udal gobernuak ere”, erantsi du.
Ruizek berretsi du igeldotarren hitza errespetatuko dutela. 1995. urteko lege baten arabera, adierazi du Igeldo “salbuespena” dela Donostian, “baita Gipuzkoa osoan ere”, eta udalerri propioa izateko eskubidea duela.