KTbot robota aurkeztu dute. (Argazkia: E. Zabala)
kTBot da Eureka! Zientzia Museoko langile berria. Hemendik aurrera, museoko bisitarien eskura egongo da robot adimentsua; gidari-lanak egingo ditu, museoko aretoak aurkeztuko ditu eta hainbat jardueretan lagunduko du. Robotaren aurkezpena egin dute gaur goizean museoan bertan, eta arduradunen arabera helburua ez da beste inor ordezkatzea, zientziaren aurrerapenak gizartearengana hurbiltzea baizik. Zehazki, Kutxa Gizarte Ekintzak finantzatu du proiektua, eta IK4-TEKNIKER enpresa arduratu da robota egiteaz. Hortik datorkio izena, ‘K’ Kutxarengatik, ‘T’ Teknikerrengatik eta ‘Bot’ Robota delako. “Etorkizunean robotikak ziur guztion eguneroko bizitzan presentzia handia izango duela, guk orain proba egingo dugu. Kolaboratzaile berria izango da, eta ez du inor ordezkatuko. Berrikuntzaren lekuko izatea nahi dugu eta funtzio zehatzak izango ditu”, azaldu du Kutxako Carlos Ruizek. Gainera, IK4-TEKNIKER enpresako Alejandro Bengoaren arabera, Eureka! “leku zoragarria da” robotika herrirrei gerturatzeko.
Momentuz, euskaraz eta gazteleraz hitz egiten du robotak, baina aurrerago hizkuntza gehiagotan ere programatzeko asmoa dute.