Udalbatzarrean bildutako herritarrak, protestan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Liskar eta ika-mikekin hasi da uztaileko udalbatzarra. Terrazen okupazioa espazio publikoan arautzeko ordenantza eztabaidatu dute, baina eztabaida hori aretoan bildutako herritarren oihuen artean egin dute. Hori dela eta, udalbatzarra eten egin dute minutu batzuetan. Hain zuzen ere, Parte Zaharreko zenbait bizilagun hurbildu dira osoko bilkurara, herritarren atsedenerako eskubidea bermatu beharrean, agintariak ostalarien interesak defendatzen ari direla salatzeko.
Hori bera salatu dute udal gobernuko ordezkari Axier Jakak eta Josu Ruizek; oposizioak ostalarien interesen araberako ordenantza bat babestu duela nabarmendu baitute, bertakoen segurtasuna eta atsedena kontutan hartu gabe. Ruizek zehaztutakoaren arabera, PSE-EEk, EAJk eta PPk ordutegien eta okupazioaren luzatzea proposatu dute, “oreka” bilatu gabe. “Adibide gisa, terraza batzuk goizeko 3:00ak arte egongo lirateke lan egunetan, eta 4:30ak arte asteburuetan”, azaldu du, eta okupazioaren epea uda baino harago zabaltzea proposatu dutela salatu du; hots, Aste Santutik urriaren 31 arte.
Oposizioak ostalaritza oso sektore garrantzitsua dela defendatu du, eta horren aurka ezin dela joan adierazi. Herritarren eskubideak ere bermatu dituztela esan dute, eta hori esaterakoan sortu da udalbatzarrean bildutako herritarrekin ika-mika. Ordenantza adostu dute azkenean, Bilduren aurkako botoarekin, eta PSE-EE, EAJ eta PPren aldeko botoarekin.