Tomas Hernandez Mendizabalek Jazzaldirako egindako kartelak bildu dituzte erakusketa batean
Uztailaren 28a arte izango dira ikusgai, Udal Liburutegiaren San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan.
Donostiako Jazzaldiarekin lotura duten 60 kartel elkartu ditu Tomas Hernandez Mendizabal (Donostia, 1940) artista donostiarrak erakusketa batean. Jaialdiaren lehen urteetatik diseinatu ditu hainbat kartel.
Erakusketan, hiru kartel inprimatu jarri dira, 1967, 1968 eta 1970 urteetakoak. Baita argitaratu ez ziren zortzi margolan ere, 1982, 1993, 1996, 1997, 1998, 2008 eta 2011 urteetan eginak. Musikariei buruzko sei margolan, 1979, 1980, 1986, 1995 eta 2004 urteetan eginak; eta kartelak egiteko bederatzi margolan txiki, gehienak ere aurreko mendeko 70eko hamarkadan eginak.
Kanpoaldeetarako obrari dagokionez, kale pankartetarako hamar margolan ikus daitezke; lehena 1968 urtekoa da. Hiru eskultura eta beltzez egindako lau marrazki, jazz musikariei buruzkoak eta 1996tik 1998ra bitartean eginak. Trinitate plazako bolatokian 1969tik 1977ra jarri ziren muraletarako margolanen argazki erreprodukzioak, eta Trinitate plazako agertokian 1970tik 1976ra jarri ziren muralen argazkiak. Eta azkenik, salaketa jaso eta poliziak 1975ean kendu zuen muralaren historiari buruzko panel bat (gaur egun mural hura Madrilgo polizia sailetan dagoela uste da).
Ordutegia: Uztailaren 24an eta 26an: 18:30 – 21:00. Uztailaren 25a, 27a eta 28a: 11:30 – 14:00 / 18:30 – 21:00