'Tres-60' filma gaur estreinatuko dute Donostian
Luis Berdejo gidoilari donostiarrak idatzitako lana surf munduan girotua dago; ostiralean zinema areto komertzial guztietan egongo da ikusgai.
Gaur bertan estreinatuko dute Donostian Tres-60 filma. Surf munduan girotutako thriller bat da, eta ia %100 Donostian bertan filmatu dute, Zurriolan eta Aieteko Jauregian, besteak beste. Hori dela eta, hirian bertan egingo dute aurre-estreinaldia, 20:30ean, Bretxan. Madrilen bihar egingo dute bigarren emanaldi bat, eta ostiralean zinema areto komertzial guztietan zabalduko da. Luis Berdejo donostiarrak idatzi du gidoia, eta Alex Ezkurdia legorretarra da zuzendaria. Gaur egin du filmaren aurkezpena Ezkurdiak berak, filmeko aktoreetako batzuekin: Sara Salamo, Sara Cozar, Joseba Usabiaga, Isidoro Fernandez eta Iker Galartza. Konstituzio plazako Liburutegi Nagusia aukeratu dute agerraldia egiteko, horixe ere filmeko gertakarien lekuko izan baita. “Gutxienez duela pare bat urte hasi ginen proiektua lantzen. Kostatu zaigu, baina esfortzu handiarekin eta gogoarekin aurrera atera dugu”, azaldu du Ezkurdiak. Gainera, hasieratik oso garbi omen zuten Donostian filmatu behar zutela. “Zazpi aste eta erdiz aritu ginen iazko iraila eta urria artean Donostian filmatzen; oso zorte ona izan genuen eguraldiarekin. Gidoilariak ezagutzen duen inguruari buruz idatzi zuen, eta argi zegoen Donostiaz ari zela. Nik ere hemen irudikatzen nuen guztia irakurri nuenean”, gaineratu du Ezkurdiak.
Raul Merida (Guillermo) eta Sara Salamo (Daniela) dira filmeko protagonistak. Guillermo unibertsitate ikaslea eta surfzalea da. Ustekabean, argazki karrete zahar bat aurkituko du; errebelatu ostean, irudi misteriotsuek ikusiko ditu horietan, eta ikertzen hasiko da. Daniela, Arte Ederretako ikaslea da, eta berak lagunduko dio misterioa argitzen. Danielaren anaia txikiaren laguntza ere izango dute, bere informatika ezagupenei esker. Ikerketan lan horretan hainbat pertsonairekin gurutzatuko dira protagonistak, eta hiriko hainbat txokotatik igaroko dira.
Aktore askorentzako aukera paregabea izan da Tres-60. Izan ere, protagonistentzat beraientzat, aurretik telebistan arituak ziren arren, lehen film luzea izan da. Iker Galartza eta Joseba Usabiagarentzat ere, esaterako, lehen esperientzia izan da pantaila handian, ea biek ere hitz onak baino ez dituzte izan zuzendariarentzat. “Gogoan dut 13 urte nituela figurante lan baterako joan nintzela telebistara, eta bera izan zen kontratu bat egin zidan lehen pertsona. Gero, 13 urte egin ditut telebistan, eta lehen aldiz parte hartu dut pelikula batean, berriro ere bere eskutik”, aipatu du Galartzak.
Filmeko pertsonaien artean, Donostiako egungo alkatea ere, Juan Karlos Izagirre, azaltzen da. “Erraztasun guztiak eman zizkiguten hirian filmatzeko eta eskertza moduan alkateari pelikulan agertzeko eskaintza egin genion”, azaldu du zuzendariak. Hala, hitz egiten ez badu ere, filmeko zati batean agertzen omen da.