Elkartasun eguna egingo dute Nahia de Cos haurraren alde
Denak Nahiarekin jarduera Gipuzkoa plazan egingo dute, batten gaixotasuna duen haurrari laguntzeko, uztailaren 30ean.
Nahia de Cos haurraren aldeko elkartasunak aurrera darrai. Dagoeneko ezaguna egin da bere kasua inguru guztian, izan ere, 6 urte dituen Igeldoko haurrak batten izeneko gaixotasuna du, eta tratamendu ahalik eta onena jasotzeko lanean ari da bere familia, elkartasun jardueren bidez. Gaixotasun dejenaratiboa da Nahia de Cosek duena, eta pixkanaka bere gaitasunak galtzen ari da. New Yorken izan zen Igeldoko familia, eta orain, Txinara joan nahi dute, haurrak tratamendu berezi bat jaso dezan. Txinara joateako 30.000 euro behar dituzte, eta momentu honetan, 10.000 euro falta zaizkie. Hala, azken bultzada hori emateko, Denak Nahiarekin elkartasun eguna antolatu dute uztailaren 30erako, 10:00etatik 20:00etara. Guztiaren berri eman dute Tilin Talaneko Sandra Garciak eta Marta Elipek, Jon de Cos Nahiaren aitak, eta Mikel Marcos ‘Zure motxilan… Egunero bokata berria’ jarduerako kideak.
Tilin Talan haur eskolako Marta Elipe izan da elkartasun eguna antolatzearen bultzatzaile nagusia, eta Summer Udalekuak izeneko udako udalekuetan parte hartzen ari diren 250 haur inguruk laguntza eman diote. Hala, esaterako, uztailaren 30eko tonbolarako jostailu bana eramango dute haurrek. Hala, bide batez, haurrak osasuntsu egoteaz duten zorteaz kontzientziatuko dituztela uste dute. Tonbolako gainontzeko jostailuak Donostiako dendek oparitutakoak izango dira. Tonbolaz gain, tailerrak eta mago baten ikuskizuna izango dira; gainera, 500 ogitarteko inguru banatuko dituzte ‘Zure motxilan… Egunero bokata berria’ jardueraren bidez.
Jon De Cosek, Nahiaren aitak, badaki momentuz gaitzak ez duela sendabiderik, baina bere alabak bizi kalitatea ahalik eta onena izatea du helburutzat. “Txinara eraman nahi dugu ama zelulekin tratamendua jasotzeko, eta gaixotasunari denbora irabazteko. Bien bitartean, New Yorken ikerketa lanak egiten ari dira, eta gutxienez gure atzetik datozenek aurrerapen hori izango dute. Borrokatzen jarraitu beharra dago”, adierazi du Jon de Cosek. Momentu honetan Nahia de Cos bere gaitasunak galtzen ari da, ezin du oinez ibili, eta ikusmenean eta hitz egiteko arazoak izaten ari da. Haurra gertatzen zaion guztiaz jabetzen dela esan du Jon de Cosek eta Txinara aurtengo neguan joatea du buruan.
DENAK NAHIAREKIN. UZTAILAK 30. EGITARAUA:
- 10:00-20:00. Aurpegi pintura tailerra, photocalla eta tonbola.
- 11.00. Bokalan biak bat elkartea. Animaliek lagundutako jarduerak sustatzea eta zabaltzea dute helburu, eta bereziki, animaliek lagundutako terapiak bultzatu nahi dituzte eta elbarritasunen bat duten pertsonei laguntzeko txakurrak.
- 12:00. Kaiku yogurrak eta Coca-Cola freskagarriak banatuko dituzte.
- 17:00. Gipu, Gipuzkoa Basketeko maskota joango da.
- 17:30-18:00. Ogitartekoak banatuko dituzte.
- 18:00. Mago baten ikuskizuna.



