Babestutako alokairuzko etxebizitzatan bizi direnek baldintzak betetzen dituzten aztertuko du udalak
Lehenak Lasarte plaza, Zarategi 74-84 eta Mons pasealekukoak izango dira.
Etxegintzak maizterretako bakoitzaren egoera aztertzea erabaki du, kontratua berritzeko baldintzak betetzen dituzten baloratzeko. Etxebizitza hauetan bizi diren pertsonei gutun ziurtatu bat bidaliko die, Udalaren esku alokairua berritzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten zehazteko behar den informazioa jar dezaten. Jasotzen dutenetik, 10 lanegun izango dituzte informazioa eman edo Etxegintzak Ogasunarekin egoera kontrastatzeko baimena emateko.
Alokairuaren kontratua berrituko den zehazteko, hainbat elementu hartuko dira kontuan. Besteak beste, etxebizitza batean bizi direnen diru-sarrerak. Horretarako kontratuaren titular gisa agertzen diren pertsonen 2012ko datu fiskalak aztertu beharko dira. Gainera, jabetzan, azalera eskubidean edo usufruktuan etxebizitzarik ez izatea kontuan hartuko da, euskal legeak markatzen duen bezala. Gainera, egun duten kontratuaren ordainketak betetzen dituzten ere aztertuko da.
Udalak alokairuzko 1644 etxebizitza kudeatzen ditu. Horietatik 283, gazteentzako apartamentuak dira, 5 urte egoteko eskubidearekin; eta 44 adinduentzat dira. 437 etxebizitzatan 5 urteko epea bete ez denez, 880 kontratu aztertuko dira guztira. Lehenak Lasarte plaza, Zarategi 74-84 eta Mons pasealekukoak izango dira.
Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek adierazi du Donostiako Etxegintzaren asmoa dela babestutako etxebizitzek “egin diren helburu soziala betetzea, legeak markatzen dituen baldintzak bete eta beste motako etxebizitza eskuratzerik ez dutenek erabili ditzatela; horregatik, Udal honek lehen aldiz aztertuko ditu kasu guztiak, hauetako bakoitzean alokairuko kontratua berritu ala ez erabakitzeko”.