Ezkerretik eskuinera: Patrick Alfaya (Musika Hamabostaldia), Thierry Malandain (Biarritz Balleta), Carine Laborde (Mugaz bestaldeko proiektuaren arduraduna) eta Norka Chiapuso (Donostia Kultura). (Argazkia: Lide Ferreira)
Abuztuaren 1ean eta 2an dantzatuko dira Hector Berliozen musikaren erritmoan.
Musika Hamabostaldiaren zaleek balletaz gozatzeko aukera izango dute aurten. Biarritzeko Malandain Balletak William Shakespeare-ren
Romeo eta Julieta lana interpretatuko dute Viktoria Eugenia Antzokian. Donostia Kulturak Thierry Malandainen konpainiarekin duen lankidetza hitzarmenari esker berreskuratu izan du balleta jaialdiak.
Thierry Malandain koreografo eta zuzendariak azaldu du
Romeo eta Julieta berezia izango dela: “Hector Berliozen musika du oinarri obra honek. Pieza hau ez zuen dantzarako konposatu. Egile berezia da Berlioz, desberdina izateagatik nabarmendu zen bere garaian, eta horregatik aukeratu dut”.
Guztira 18 dantzari izango dira taula gainean, eta guztiak izango dira Romeo eta Julieta: “Bi protagonisten maitasun istorioa unibertsalizatu nahi nuen. Maitatzeko modu hori unibertsalizatu”.
Eszenografia oso minimalista izango dela azaldu du Malandainek: “Obra hau oso modu errenazentistan antzeztu ohi da, apaingarriz betea. Guk aluminiozko kaxa batzuk erabiliko ditugu. Objektu hauen bidez irudikatuko ditugu istorioan agertzen diren espazio guztiak”.
2011. urtean ere, Musika Hamabostaldiak
Romeo eta Julieta obran oinarritutako ballet bat ekarri zuen. Genebako Antzoki Handiko Balleta Sergei Prokofieven musikaren erritmoan dantzatu zen Kursaal Auditorioan. Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak azaldu du aurtengoa modernoagoa dela, eta musika ere desberdina dela.
Malandain Balletak 2010ean estreinatu zuen obra hau, Biarritzeko Maitaldia dantza jaialdian.
[box]
74. Musika Hamabostaldia
Zer. Biarritzeko Malandain Balleta.
Noiz. Abuztuaren 1ean (20:00) eta abuztuaren 2an (20:00).
Non: Viktoria Eugenia Antzokian.
[/box]