(Argazkia: Lide Ferreira)
Ostegunean hasiko da jaialdia; musika klasikoa Onkologikora, Pasealeku Berrira, Bulebarrera eta Gipuzkoa plazara eramango du inaugurazio egunean.
Ohikoak ez diren agertokietan eta kalean hasiko da Musika Hamabostaldiaren 74. ekitaldia. Musika klasikoa ozen entzungo da ostegunean hiriko hainbat txokotan: guztira 11 kontzertu programatu dituzte inaugurazio egunean.
Orereta abesbatzak udaletxeko batzar aretoan abestuko du (12:00). Mendelssohn, Caccini eta Josu Elberdinen lanak interpretatuko dituzte haur eta nerabeek. Hamabostaldi Solidarioa programaren barruan hainbat emanaldi izango dira. Zaharren zenbait egoitzatara ere iritsiko da jaialdia.
Voce Giovani abesbatzak Villa Sacramenton (11:30) eta Berran (17:15) abestuko ditu Mozart, Guridi eta Verdiren piezak.
In Noctem abesbatza Aldakoenea zaharren egoitzara joango da (17:00). Mozart, Bernstein eta Torrobaren lanez osatutako programa interpretatuko dute.
Easo Eskolania eta
Araoz Gazteko bakarlariak Onkologikoan izango dira (17:30). Euskal folkloreko piezak interpretatuko dituzte: Aita Donostia eta Pablo Sorozabalenak, besteak beste. Gitarra, harpa eta piano doinuek lagunduta kantatuko dute haurrek.
Saxofoi doinuak ere izango dira inaugurazio egunean. Musikeneko
AdSax laukotea Gipuzkoa plazan (12:00) eta Alderdi Ederren (19:00) izango da. Haurrak ere izango dira protagonista lehen egun honetan.
Musika bai! udalekuan parte hartu duten neska-mutilek ikuskizun berezi bat eskainiko dute Bulebarrean (17:30).
Pasealeku Berrian, Oteizaren eskulturan dantza izango da ikusgai.
Kukai dantza taldeak eta
Tanttaka antzerki taldeak
Otehitza gure artean ikuskizuna ekarriko dute espazio honetara (20:30). Aurten hamar urte dira Oteiza hil zenetik, eta beraz, emanaldi berezia izango da.
Errenteria-Oreretako Landarbaso abesbatza San Bizente elizan izango da (20:00). Musikagile garaikideen piezak abestuko dituzte. Jorge Vidriales baritono bakarlaria ariko da abesbatzarekin.