Altxorraren bila aritu dira Parte Zaharrean barrena
La Flamenkan ez da aspertzeko betarik egon arratsaldean. Inguruan jolasak, tailerrak eta herri dantza saio parte hartzailea egiten zituzten bitartean, altxorraren bila jokoan aritu dira koadrilla eta kofradietako kideak, Eskifaia Gazte Kofradiaren eskutik. Kaian jaso dute lehen pista, eta horri esker altxorra aurkitzen ibili dira Parte Zaharrean barrena. Ziztu bizian aritu dira, nor baino nor, azkartasunak garailea erabakiko zuelakoan. Baina, azkarrak ez ezik, trebeak ere direla erakutsi behar izan dute altxorra aurkitzeko bidean. Hain justu, proba desberdinak gainditu behar izan dituzte hurrengo pistaren jabe izateko; muneirak dantzatu edo ur katxi bat segundo gutxitan edan behar izan dute, besteak beste.
Azkenean, bigarren taldeak lortu du altxorra aurkitzea inor baino lehenago. Altxor kaxa Urgullera igotzeko sarreraren goikaldean zegoen ezkutatuta, Gaztelubide kalearen bukaeran, belarren artean. Barruan altxor bikain batekin egin dute topo: garagardoarekin. Garaileek ez ezik, galtzaileek ere ospatu dute altxorra aurkitu izana, irabazleek garagardoa partekatuko zuten esperantzarekin.