Trintxerpeko Musika Bandaren melodiek girotu dute kioskoa
Donostiar askorentzat ezinbesteko hitzordua izaten da musika banden eguneroko saioa. Aste Nagusian, igandetik larunbatera izaten dira emanaldiak, 19:00etan, Bulebarreko kioskoan. Jende andana hurbildu ohi da, eta bertan jarritako eserlekuak betetzen dituzte. Horixe bera gertatu da gaur, Trintxerpeko Musika Bandaren saioan. Txalo zaparrada ugari izan dira abestien artean, eta entzuleek oso gustura igaro dute arratsaldea, era guztietako abestiak entzun eta gero. Aniztasuna izan da nagusi Trintxerpetik etorritako musikarien ekitaldian; Nino Bravo eta Benito Lertxundi bezalako artista desberdinen kantak jo baitituzte, besteak beste.
Trintxerpeko Illunbe Musika Bandak 1978-1979 ikasturtean ekin zion bere bideari; lehen kontzertua Trintxerpeko jaietan eman zuen, Jose Luis Oconen zuzendaritzapean. Gaur jai giroan izan dira ere, baina Aste Nagusian. 45 kide igo dira kioskora, Pasaia Musical Kontserbatorioko irakasle Fran Berraren zuzendaritzapean.
Asteazkenean, Biarritzeko Orchestre d’Harmonie bandari egokituko zaio txanda; ostegunean, Irun Hiria Musika Banda Kultur Taldeari; ostiralean, Baionako Harmonie Bayonnaise taldeari; eta larunbatean, Zangotzako Udal Musika Bandari.