Paxaka partida ikusgarria jokatu dute Trinitate plazan
Paxakan ibili dira Trinitate plazan, Alde Zaharra Kirol Elkartearen eskutik. Jende asko hurbildu da frontoira, paxaka ez baita pilota modalitate ezagunena. Kuriositateagatik bertaratu direnak, baina, pozik joan dira etxera, ikuskizun ederra ikusi baitute. Hain zuzen ere, azkartasun handia behar da paxakan ibiltzeko, erreflexu asko, eta hanka indartsuak. Tenisa bailitzan, sare batek erdibitzen du kantxa, eta hirukote bakoitzak bere aldea defendatzen du, aurkariari eraso eginez. Airez edo botez, pilotariek baliabide guztiak erabili dituzte partida irabazteko. Trinitate plazako gaurko lehia ikusgarria suertatu dela ikusirik, txalo zaparrada handi batekin agurtu dituzte ikusleek pilotariak.