
Waterpolo Donostiako klubeko Juanjo Zabaleta. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Waterpolo Donostiako kideek euren kirola zabaldu nahi dute, eta horretarako, goizero elkartzen dira Nautiko aurreko uretan hiruzpalau orduz, waterpoloan jokatu nahi duen edonor eurekin aritu dadin. Gaur ere ez dute huts egin, eta klubeko Juanjo Zabaletarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, guztiaren berri jakiteko. “Waterpoloa zabaldu nahi dugu, eta ikusi dugu Aste Nagusia aukera berezia dela horretarako”, dio Zabaletak. Hirugarren urtez antolatu dute jarduera, eta oso arrakastatsua izaten dela diote. “Jendeak ezagutzea da gure helburua. Oinarrian gure taldeko jokalariak jartzen ditugu, eta gonbidatzen ditugu kanpotik datozen guztiak sartu, probatu eta jolastera, ondo pasatzeko. Hortik aurrera, urtean zehar waterpoloan jokatu nahi badute, jakin dezatela Altzako kiroldegian egoten garela”.
Aurreko bi urteetan arratsaldez egin izan dituzte saioak, eta jende gehiago hurbildu izan omen da, baina aurten ere gustura daude. Azken batean, kirol hau probatzeko baldintza bakarra bete beharra dago, igerian jakitea. “Igerian jakitea eskatzen dugu, lotsa gutxi eta animatzea”, argitu du Zabaletak. Hori bai, uste baino gogorragoa dela abisatu du.