
Aste Nagusiko hamaiketakoa, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aste Nagusia badoa aurrera eta urtero bezala, alkateak lehen balorazio bat egin du udaletxean. Balorazio horren arabera, inoizko Aste Nagusirik jendetsuena eta parte hartzaileena izaten ari da aurtengoa.
Brindisaren ondoren egin ohi du alkateak jaien inguruko balorazioa, baina aurten brindisa bertan behera geratu da, ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago jakin baitute duela bi egun Kontxako barandatik eroritako gaztea hil egin dela. “Aste Nagusia triste hasi genuen Mikel Arzaken heriotzarengatik eta gaur ere egun tristea da Eduar Lapiedra, gazte valentziarra ere hil egin baita”, halaxe hasi du Izagirrek ekitaldia. Une gogorrak direla, baina bizitzak eta jaiek aurrera jarraitu behar dutela esan du alkateak, hildako gazteen senideei doluminak eta babes osoa eskainiz.
Udalbatza aretoa kazetari, jaietako ordezkari eta alderdi politiko guztietako kidez beterik zegoen azken orduko albistea iritsi denean, eta brindisik egin ez badute ere, hamaiketakoa egin dute guztiek batera.
Jaien balorazioa
Aspaldiko Aste Nagusirik jendetsuena izaten ari dela adierazi du Juan Karlos Izagirre, alkateak; bai turista aldetik eta baita donostiar, gipuzkoar eta gainerako euskaldunen aldetik ere. Gainera, herritarren parte hartzea “sekulakoa” izaten ari dela esan du alkateak. Bere hitzetan, “herritarren aportaziorik gabe jaia ez litzateke gauza bera”.

Ezkila kapitaina ere hamaiketakoan izan da. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Zaila omen da ekitaldi guztien balorazio bat egitea, baina alkateak batzuk azpimarratu ditu. Boluntarioen lana eskertu du berriro ere, eta baita Piraten lana ere. “Kaiko La Flamenka guneak kolorea ematen dio Aste Nagusiari; gaur egun, piratarik gabeko Aste Nagusirik ez litzateke ulertuko”.
Aipamen berezia egin die suei ere. Hiriaren erreketa eta berreraikuntzaren bigarren mendeurrena eta su artifizialen berrogeita hamargarren urteurrena dela eta, “ahalegin berezia egin dute eta maila handiko suak ikusten ari gara”.
Bestalde hiria jendez gainezka badago ere, jaietan ez dela aparteko gertaerarik izan azpimarratu du alkateak. Bere hitzetan, “egunez eta gauez jende asko dabil hirian, baina orokorrean oso jarrera ona izaten ari da jendea eta hori oso positiboa da”.