Koadrilen arteko jolasetan 600 gazte inguru aritu dira lehian
Inurri atomikoak, Amarako Gazteak, Potrozorriak, Urepel, Otxo Motxo, Egia Herria, Rekalde Taberna, Onki Xin, Txanpionzak, Kortxoenea, Banantxo, Katxalotak, Alde Zaharreko Gazteak… 50 talde inguru aritu dira Zuloaga plazan, arratsaldean, koadrilen arteko jolasak zirela eta. Guztira, 600 gazte inguru bildu dira, arratsaldean zehar antolatutako probetan parte hartzeko.
Koadrila bakoitza bere banderarekin bertaratu da La Flamenka gunera, batzuek euren auzotik kalejiran hurbildu eta gero. Giro bikaina sortu dute, lehia baino, helburua ondo pasatzea zela jakitun baitziren hasiera hasieratik. Kaitik Zuloaga plazara joan dira ondoren, Parte Zaharreko kaleak girotuz, eta behin plazan jolasei ekin diete. Probak ez dira nolanahikoak izan. Erreleboka, jangai desberdinak jan behar izan dituzte, esaterako. Tipula, limoia, ogi bustia… plater edo edalontzi batetik bestera ibili dira, azkarrena izateko erronkarekin. Taldekideen oihu eta txaloen artean lehiatu dira gazteak, eta festak arratsalde osoan izan du jarraipena.