Sardina jatea egin dute Easo plazan, Estanga anai-arrebek girotuta
Easo plaza atari irekiko ez ohiko jatetxe bat bilakatu da 20:00etan. Izan ere, sardina jatea egin dute bertan, Amarako Jai Batzordeak antolatuta. Estanga anai-arrebek girotu dute jarduera eta, janari eta edarien prezio apalek lagunduta, jende ugari hurbildu da sardinak dastatzera. Hamabi sardina, 8 euro; sei sardina, 4 euro; sagardo botila, 3 euro; eta ura, euro bakar bat. Horixe izan dira prezioak, poltsiko guztientzako eskuragarriak.
Hala, Estanga trikitilarien doinuen artean, jendeak bapo afaldu du; batzuek plazan bertan jarritako mahaietan eta beste batzuek, plazako bankuetan. Ilara luzea egin dute sardina platera eskuratu ahal izateko, baina itxaronaldiak merezi izan du.