
Hainbat bikote aritu dira jokatzen. (Argazkia: E. Zabala)
Hondartza boleibol zaleek Zurriolan bat egiten dute udaran, eta horixe izaten da urtero txapelketa herrikoien eszenatokia. Txapelketa mistoa jokatu zuten atzo, lauko taldeetan, eta gaur, berriz, 2×2 txapelketaren txanda izan da, gizonezkoen eta emakumezkoen mailetan. Eguzki izpiek gogor jotzen ez zutenez, eta haize gutxi zebilenez, gustura aritu dira partaideak boleibolean jokatzen. Jokalari gehienek ongi pasatzea baino ez dute helburu, eta beraietako batzuekin izan da IRUTXULOKO HITZA.
“Iaz besterik gabe jokatzera etorri ginen, lagunekin ongi pasatzera, eta aurten ere bai”

Paula Perez. (Argazkia: E. Zabala)
Paula Perezek Fortuna Kirol Elkartean jokatzen du boleibolean denboraldian zehar, Pio Baroja kiroldegian, eta desberdina den arren, hondartza boleibola ere gogoko du. “Bigarren urtez etorri gara. Iaz besterik gabe jokatzera etorri ginen, lagunekin ongi pasatzera, eta aurten ere bai. Lau urte daramatzat bikote berarekin jokatzen eta ongi moldatzen gara, ea zer egiten dugun”.
“Mutil lagunari eta bere lagunei argazkiak ateratzera etorri naiz”

Maria Leon. (Argazkia: E. Zabala)
Maria Leon ikusle moduan joan da Zurriolara. Valentziakoa da, baina bere mutil laguna Donostiakoa denez, udara igarotzera etorri dira. “Mutil lagunari eta bere lagunei argazkiak ateratzera etorri naiz, eguna pasatzera. Aste Nagusiaz asko gozatzen ari naiz, tabernetara joan eta pintxok jatea asko gustatzen zait. Gainera, Zurriolan surfa egitea oso gogoko dut eta izugarri gozatzen ari naiz”.
“Gu behintzat ongi pasatzera etorri gara, eta sariren bat lortzen badugu hobeto”

Sergio Ruiz. (Argazkia: E. Zabala)
Sergio Ruiz lehen aldiz aritu da Aste Nagusiko txapelketan jokatzen, eta gogo biziz aritu ere. “Lehen aldiz etorri gara; beste urte batzuetan pentsatu izan dugu, baina lana dela edo denbora faltagatik sekula ezin izan dugu etorri. Bikote onak eta kaskarragoak daude; gu behintzat ongi pasatzera etorri gara, eta sariren bat lortzen badugu hobeto. Hondarribian hondartza boleiboleko udako ikastaroak ematen ditut, baina laguna eta biok elkarrekin gutxitan jokatu izan dugu”.
“Maila handia dago eta korrika gehiago egin behar da”

Xabier Rodriguez. (Argazkia: E. Zabala)
Xabier Rogriguezek oso gogoko ditu boleibola eta hondartza, beraz, ordu asko ematen ditu udaran Zurriolan. Taldekako zein bikote arteko txapelketan ez du sekula hutsik egiten. “Urtero etortzen naiz txapelketan parte hartzera. Lehenago pistan jokatu izan dut, eta hondartzan udara guztitan elkartzen gara lagunak. Oso giro ona egoten da txapelketa honetan; egia esan, gaur atzo baino eguraldi kaskarragoa dago, baina gustura gabiltza. Atzo 24 taldek jokatu genuen eta bederatzigarrenak geratu ginen. Gaur ere ongi hasi gara, baina maila handia dago eta korrika gehiago egin behar da. Ea final-laurdenetan sartzea lortzen dugun”.