
Kursaaleko terrazan egin zuten Aste Nagusiaren aurkezpen ofiziala. (Argazkia: E. Zabala)
Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko jarduera bat abian jarri du Donostiako Udalak, lehen aldiz, Aste Nagusian. Zehazki, Euskara Zerbitzuak Festan blai! izeneko jarduera egin du Kursaaleko terrazan egin diren DJ saioetan, eta oso harrera ona izan du udalaren arabera. Festan blai! 14 eta 18 urte arteko gazteei dago zuzendua, eta arduradunak pozik daude. Nerea Txapartegi udaleko Kultura eta Euskara arduradunak hitz onak baino ez ditu izan: “Ekimenak oso harrera ona izan du, larunbatetik asteazkenera arteko datuen arabera, 475 gaztek osatu dute esaldia pegatinekin, euskal kanta ezagunen hitzetan oinarrituta, esaldi baten bi zatiak osatu dituzte, esaldiaren beste erdia duen pertsona bilatuta, eta guztira, 1.500 pegatina banatuko dira”.
Bihar gauean, Aste Nagusiko azken eguna izanik, jai berezia egingo dute, 23:15ean. Lehenengo, sari banaketa egingo dute, DJ musika lagun, eta ondoren, apar festa. Baloiak, eguzkitako betaurrekoak eta txankletak banatu dituzte Festan blai! jardueraren bidez, eta bihar, ordenagailu eramangarria, tableta, uretako argazki kamera, mugikor eta mp3 gailuentzako bozgorailuak, surf edo paddle surf ikastaroak zozkatuko dituzte. “Biharko ekitaldira joateko gonbita luzatu nahi diet gazteei eta, bide batez, euskaraz aritzera bai festetan eta baita urteko egun guztietan, bai etxean, eskolan eta kalean ere”, gehitu du Txapartegik.