
Urumea ertzean hainbat lehiakide aritu dira arrantzan goizean zehar (Argazkia: E. Zabala)
Aste Nagusiko XIX. arrantza lehiaketa jokatu dute gaur goizean, Miguel Angel Fernandezen oroimenez. Hainbat lehiakide batu dira Urumea ertzean arrainak harrapatzen saiatzeko, baina gehienek ezer gutxi lortu dute. Haurrak Frantzia pasealekuan aritu dira arrantzan, eta helduak, berriz, Salamanca pasealekuan. Arrainek gutxieneko tamaina eta pisu bat behar izaten dute maila bakoitzean; hala, behin arrantzatuta, pisatu eta berriro ere uretara itzuli dituzte. Partaideetako batzuekin hitz egiteko aukera izan du IRUTXULOKO HITZAk, euren esperientziaren berri jasotzeko.

David Benito loiolatarra. (Argazkia: E. Zabala)
“Garrantzitsuena da hemen arrantzaleak elkartzen garela eta ongi pasatzen dugula goiza”
David Benitok ohitura du arrantzatzeko, eta urtero parte hartzen du Aste Nagusiko lehiaketan. “Urtero etortzen naiz eta saiatzen naiz zerbait lortzen, baina nahiko zaila izaten da. Jende asko gaude eta garrantzitsuena da hemen arrantzaleak elkartzen garela eta ongi pasatzen dugula goiza. Gero denak elkartzen gara sariak nola ematen dituzten ikusteko. Beti txikiak lortzen ditut, baina lupinak, musarrak… denetik pixka bat arrantza daitezke. Festetan hona etortzea gogoko dut arrantzale donostiarrak elkartzen garelako”.

Juan Mari Altube eta eta Javier Elizburu. (Argazkia: E. Zabala)
“Nahiko txarrak gara eta ez ditugu algak ere ateratzen”
Juan Mari Altube eta Javier Elizburu aspaldiko lagunak dira, eta elkarrekin parte hartzen dute beti lehiaketan. Gustura pasa dute goiza elkarrekin arrantzan, giro ederrean. “Nahiko txarrak gara eta ez ditugu algak ere ateratzen. Hala ere, gogotsu gaude eta zerbait arrantzatzea espero dugu. Ezer lortzen ez badugu ere gustura egoten gara elkarrekin; urtero elkartzen gara egun honekin, txakolin batzuk edanaz”, aipatu du Altubek.

Iñaki Diez eta Asier Lamas. (Argazkia: E. Zabala)
“Urtero etorri izan gara, baina orain arte haurren mailan parte hartu dugu”
Iñaki Diez eta Asier Lamas lagunak dira eta lehen aldiz lehiaketako helduen mailan parte hartu dute. “Urtero etorri izan gara, baina orain arte haurren mailan parte hartu dugu. Gutxienez arrainek 100 gramoko pisua izan behar dute eta korkoiek ez dute balio. Bi arrain arrantzatu ditugu lehen, baina ez zuten balio eta berriro uretara itzuli ditut”, azaldu dute gazteek.

Miguel Gimeno arrantzalea. (Argazkia: E. Zabala)
“Karramarro txikiak jartzen ditut amu moduan”
Miguel Gimeno txapelduna izan zen iazko lehiaketan, eta gaur ere egun ona izan du. “Iaz, 183, 535 eta 300 gramo inguruko hiru arrain lortu nituen eta irabaztea lortu nuen. Kainabera bat, karrete bat eta kopa bat irabazi nituen, eta arrain pisutsuena lortzeagatik ere beste sari bat jaso nuen. Aurten 383 gramoko bat ere lortu dut jada. Karramarro txikiak jartzen ditut amu moduan, arrain handiagoak hurbildu daitezen”.