
Bigarren Mendeurrenaren 10.mugarriaren aurkezpena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bigarren Mendeurrenaren 10.mugarria larunbatean Zubietan ospatuko da.
Donostiako hiriaren birsorkuntzan parte hartu zutenei omenaldia egiteaz gain, Bigarren Mendeurrenaren oroitzaren programan aurrera eraman duten eta parte hartu duten pertsonak, elkarteak eta erakundeak ere omenduko dituzte.
Donostia erre eta suntsitu ondorengo egunetan, Zubietako Aizpurua baserrian donostiarrak bildu ziren eta hiria berreraikitzeko erabakia hartu zuten. Larunbatean, 200 urte geroago, momentu hori errepikatu egingo da.
Izan ere, Zubietako Aktetan agertzen direnen ondorengoen familiak bilduko dira eta hauek Akta hori sinatuko dute, San Telmo Museoan dauden 1813ko mahai eta tintero berarekin. “Hemen bildu zirenak eredugarriak dira eta gogora ekarri nahi ditugu”, azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak eguerdian egin duten prentsaurrekoan. Miren Azkaratek, Bigarren Mendeurrenaren Batzorde Ez Iraunkorreko kideak, Zubietarren parte hartzea eta Donostia berreraikitzea erabaki zutenen sendotasuna azpimarratu ditu.
Sinaduren ostean, familia bakoitzak
Korapiloak argituz izeneko sinbolo oroigarri bat jasoko du. Horretaz gain, Bigarren Mendeurreneko programan aktiboki parte hartu dutenei familiek jasoko duten eskulturaren diploma bana emango zaie eta Zubietara bertaratzen diren guztiek Aktaren erreplika edukitzeko aukera izango dute.
Bestalde, 12:00tan Ados Teatroa konpainiak Zubietako Akten sinatzea antzeztuko du, Udalaren Txistulari Banda, Easo Abesbatza eta bestelako musikarekin batera.
[box]
Egitaraua
9:30 Lore eta landare merkatuaren zabaltzea, Behemendik antolatuta eta Udalaren Txistulari Bandak girotuta.
10:30 Autobusen irteera Gipuzkoa plazatik Zubietaraino.
11:40 Publikoaren sarrera Aizpurua baserriaren barrutira (Zubieta).
12:00 Berregintza historikoko ekitaldi instituzionalaren hasiera: Zubietako Akten sinatzearen antzezlana, Ados Teatroak, txalapartak, Easo Abesbatzak, harpa batek eta Udalaren Txistulari Bandak parte hartuko dute.
Jose Elizondok Mendeurrenerako egindako “Amaren Obiyan” lanaren bertsoak kantatuko dira.
Alkateak eta Udalbatzak sinbolo oroigarri bana sinatzaileen ondorengoen familien ordezkariei eta oroitzazko diploma bana Bigarren Mendeurrenaren programa kolektiboan parte hartzen duten pertsona, elkarte, erakunde eta enpresei ere. Bigarren Mendeurrenaren Akta Liburuan sinatzea eta taldeko argazkia.
Pilota partida Zubietako frontoi estali gabean, Udalaren Txistulari Bandak girotua.
[/box]