Irailaren 27an amaituko da kirolerako diru laguntzak eskatzeko epea
Donostia Kirolak eskolako kirola, emakumezkoen kirola eta Euskal Herriko kirolak lehenetsiko ditu diru laguntzak emateko orduan.
Guztira 740.000 euro banatuko ditu Donostia Kirolak hirian kirolaren alde lan egiten duten erakundeen artean, eta eskaerak irailaren 27a arte aurkeztu ahal izango dituzte, Donostia Kirolaren webgunean.
Hiru ataletan banatuko dituzte diru laguntzak:
–Kluben ohiko lanetarako laguntzak (400.000 euro). Atal honetan federatuen kopurua, taldeen lehiaketa eremua, kirol atalen kopuruan eta udako jarduerak antolatzea hartuko dituzte kontuan.
–Eskola kirolerako laguntzak (230.000 euro). Iaz Donostiako 40 ikastetxek jaso zuten laguntza hau, ikasleentzat jarduerak antolatzeko eta irakasleen prestaketarako erabiltzen dena.
–Kirol jarduera bereziak antolatzeko laguntzak (110.000 euro). Aurten herri jarduerentzako eta Euskal Herriko kirolentzako diru laguntzak handitu egin dira, batez ere pilota eskolak sustatzeko diru laguntzak (%10 gehiago). Atal honetan sartuko lirateke herri lasterketak, igeriketa probak, mendi martxak, Donostiako Maratoia, Behobia-Donostia lasterketa, Donosti Cup edo Igeriketa txapelketa, besteak beste.