Itziar Nogeras: "Gogoz eta indartsu hasi du 2016 proiektuak aro berria"
Donostia 2016ren zuzendari orokor izendatu zutenetik, komunikabideen aurrean lehen aldiz agertu da gaur Itziar Nogeras. Donostia 2016ren bulego berrian, suhiltzaileen eraikin ohian, egin du agerraldia eta ikusmin handia sortu du.
Kazetari ugari bildu da Itziar Nogerasen lehen agerraldian, eta bera ere harrituta eta urduri azaldu da. Nogerasen hitzetan, “nere lehen agerraldiak ez ezik, Donostia 2016 proiektuak berak eta aurrerantzean egingo ditugun jarduerek ere halako jarraipena izatea gustatuko litzaidake”.
Donostia 2016ren zuzendari berriaren izendapenak hainbat ika-mika sortu ditu, baina Itziar Nogeras “gustura eta indartsu” agertu da aro berriarekin. Aste honetan bertan hasi da lan talde berria lanean egoitza berrian, eta lehen egunak “barne gogoetarako egunak” izango direla adierazi du Nogerasek.
Aurreko zuzendaritza taldeari eskerrak emanez hasi du agerraldia zuzendari berriak, eta 21 lagunek osatutako lan talde berria “aurki aurkeztea” espero duela adierazi du.
Ibilbide luzeko emakumea
Donostia 2016 proiektua hasieratik ezagutzen duela aitortu du Itziar Nogerasek. “Pertsonetan oinarritutako proiektua da; donostiarrok dugun gaitasun sortzailea erakusteko izango dugun aukera bakarra izango da, beraz, ahalegin berezia egin beharko dugu”.
Hogei urtetik gora eman ditu Nogerasek Elhuyar fundazioan lanean, eta kudeaketa lanetan eskarmentu handia duela aitortu du. Bere hitzetan, “erantzunkizun ariketa handia da Donostia 2016ren zuzendaritza gidatzea, baina kudeaketa parte hartzailea, gardena eta erantzunkizunean oinarritua egiten saiatuko naiz”.
Gardentasun horixe azpimarratuz erantzun die Itziar Nogerasek bere hautaketa prozesuaren inguruan kazetariek egindako galderei. “Pertsonalki oso momentu zailak bizi izan ditut nire izena bolo-bolo ibili delako, baina Patronatuak adostasun osoz onartutako hautagai izan naiz, beraz lasai nago”.