DICNMA, nanomagnetismoaren biltzarra, Donostian egingo dute
Irailaren 9tik 13ra egingo dute biltzarra Miramar jauregian, eta mundu osoko hainbat zientzialari eta aditu elkartuko dira bertan.
Donostiak zientzia alorrean duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Josu Ruiz, garapen ekonomikoko zinegotziak. Bere esanetan, “biltzar zientifikoak eta teknikoak dira hiriko turismoa eta ekonomia garatzeko jorratzen ari garen esparruak, eta biltzar hau Donostian egitea horren isla da”.
DICNMA, Donostia Internacional Conference on Nanoscaled Magnetism and Applications biltzarrean magnetismoaz eta bere aplikazioez arituko dira. Alemania, Errusia, Japonia eta beste hainbat herrialdetako adituek nanomagnetismoaren garapena eta erabilera aztertuko dituzte, norbere esperientziak partekatuz. Bertan izango dira, adibidez, Albert Fert, 2007an fisikako Nobel saria lortu zuen aditua, edo Stuart Parkin, IBMko ikerlaria.
Julian Gonzalez eta Arkady Zhukov dira biltzar honen antolatzaileetariko bi. EHUko Materialeen Fisika saileko kideak dira, eta DICNMA maila goreneko biltzarra dela adierazi dute. 2011. urteaz geroztik dabiltza lanean biltzarra Donostiara ekarri nahian, eta azkenean lortu dute. Gonzalezen arabera, bi ezaugarri behar dira maila honetako biltzarrak egiteko. Batetik, antolatzaileen esperientzia eta nazioarteko ospea, eta lekuaren kalitatea.
Ildo horretan, Josu Ruizek aurreko biltzarren emaitzak aipatu ditu eta parte hartzaileen arabera, Donostiak 10etik 8,3 puntu lortzen dituela adierazi du. Beraz, antolatzaileek DICNMA biltzarra arrakastatsua izatea espero dute, eta ohikoa izaten ez bada ere, jarraikortasun bat lortzea gustatuko litzaieke, 2016. urtean ere biltzarra Donostian eginez.

