Herritarrek eta nazioarteko adituek mahai beraren inguruan eztabaidatuko dute
Urriaren 4an eta 5ean egingo dituzte Herritarrak eta Partaidetza zuzenaren gaineko jardunaldiak, Miramar jauregian, eta parte hartu nahi duten herritarrek bihartik aurrera izango dute horretarako aukera.
Herritarra eta Partaidetza Politikoa. Beharrezkoa al da herri partaidetza zuzena udal esparruan?, horixe jardunaldietarako aukeratu duten izenburua. Axier Jaka, partaidetza zinegotziak azpimarratu duenez “jardunaldi hauen helburua, aditu eta herritarren arteko eztabaida anitz, sortzaile eta kolektiboa eragitea da, abian den Herri Partaidetza ereduari lagunduko diona”.
Helburu hori lortzeko, udalak parte hartzaileen aniztasuna bultzatu nahi izan du jardunaldi hauen bidez. Honela, herritarrez gain, ordezkari politikoek, erakundeetako ordezkariek, elkarte eta gizarte mugimenduek, profesionalek, unibertsitateko irakasleek eta komunikabideetako arduradunek ere parte hartuko dute jardunaldietan.
Nazioarte mailako adituak eta udal gobernuaren txosten politikoa
Juan Karlos Izagirre alkateak emango die hasiera partaidetza jardunaldiei, udal gobernuak Herri Partaidetzaren inguruan duen ponentzia politikoa plazaratuz. Eta parte hartuko duten adituen artean honakoak egongo dira: Juan Jose Alvarez, Instituto Gobernantza Demokratikoaren institutuko kidea, Martin Bühler, Iniative and Referendum Isntitute-ko kidea, Fernando Pindado, herri partaidetzan aditua, Iñigo Lamarca Arartekoa, Rafaela Romero PSE-EEko batzarkidea eta Stop Kaleratzeak-eko ordezkariak.
Udal gobernuaren jarrerari dagokionez, Axier Jakaren hitzetan, “politika egiteko moduak eraldatu nahi ditugu. Herritarrek erabaki politikoetan gehiago parte hartu nahi dutela eskatzen digute. Behar horri erantzuteko beharrezko espazio, mekanismo eta formula guztiak abian jartzen ari gara, partaidetza benetan eraginkorra izan dadin; herri kontsulta eta galdeketak esaterako, beharrezkoak balira”.
Jardunaldien jarraipena
Jardunaldietako web orria (Donostia.org/partaidetzazuzena) bihartik aurrera egongo da eskura. Bertan, jardunaldien egitaraua eta xehetasun ugariz gain, interesatuek izena emateko aukera izango dute.
Era berean, Twitterren #partaidetzazuzena traolaren bidez eztabaidatu ahal izango da jardunaldietako gaien inguruan, eta sare sozialetako ekarpenak ere jardunaldietan eztabaidatuko dituzte.

