Txartel bakarrak galerak sortu dizkiola Dbusi uste du PPk
Martxoaren 4an jarri zuten abian garraiorako txartel bakarra. Lehen hilabeteak igarota, datuak aztertu dituzte eta PPren esanetan, txartel bakarrak galerak besterik ez dizkio sortu Dbusi. Galerak diru sarreretan, eta baita bidaiari kopuruan ere. EuskoTren eta Lurraldebusek, aldiz, irabaziak izan omen dituzte.
Iñigo Arcauz, zinegotzi popularrak adierazi duenez, martxoaren 4tik ekainaren 30a bitarteko datuak besterik ez dituzte, baina hala ere “oso datu kezkagarriak” direla uste du. Arcauzen arabera, “txartel bakarra jarri zenetik Dbusek ia milioi bat euro galdu ditu, eta ia 700 mila pertsona gutxiagok erabiltzen du garraio bide hau”, eta urtea bukatzerako ia bi milio euroko galerak izatea espero dute.
Galera horien arrazoiak krisialdia, txartelaren prezioa igotzea edo EuskoTrenen geltoki berriak irekitzea izan daitezkeela onartu du Arcauzek. Baina, Lurraldebusek berari ez dagozkion bidaiariak hartzen dituela ere salatu du, Astigarraga-Ospitalea-Antigua linearen bitartez, adibidez.
Hori dela eta, PPko kideek iraileko udalbatzarrean jorratuko duten erakunde adierazpen bat aurkeztu dute. Adierazpen horren arabera, eskaera zuzena egiten diote Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari, bera baita garraioaren inguruko erabakiak hartzeko eskumena duena. Alde batetik, berak ordain dezala txartel bakarrak Dbusi sorrarazi dion galera, eta bestetik, ordainsari bat eman diezaiola Dbusi, Lurraldebusek bidaiariak kentzen dizkiolako.

