Kursaal Fundazioaren denboraldi berrirako sarrerak salgai jarriko dituzte asteartean
Bihar, irailaren 10ean, 11:30etatik aurrera jarriko dira salgai Kursaal Fundazioak urria eta urtarrila bitartean atondu duen programaziorako sarrerak. Internet bidez zein bertatik bertara eros daitezke sarrerak: Kutxa.net webgunean eta Kursaal (irailaren 10ean 11:30 – 14:00 / 17:00 – 20:00 eta Kursaal Fundazioaren eta Euskadiko Orkestraren kontzertu egunetan 17:00-20:00) zein Viktoria Eugenia Antzokiko (egunero: 11:30-13:30 / 17:00- 20:00) leihatiletan.
2013ko urritik 2014ko otsailera bitarte luzatuko den denboraldi berriak 16 musika hitzordu hartuko ditu: musika klasikoari dagokionean 5, herri musikako 6 emanaldi eta haur eta familiei zuzendutako 5 ikuskari.
Musika klasikoa
Orchestre National de France-k emango dio denboraldiari irekiera urriaren 19an. Danielle Gatti zuzendari titularraren batutapean itzuliko da Kursaal Auditoriora Frantziako orkestra nagusiena. Txaikovskiren gaztaroko harribitxi bat (1. Sinfonia “Neguko ametsak”) hartuko duen egitarau klasiko-erromantikoa eskainiko du.
Frantziako Orkestra Nazionalaren ondotik Oxalys ganbera musikako talde bikaina arituko da azaroaren 19an. Richard Wagnerren jaiotzaren 200. urteurrenaren harira musikagilea omenduko duen egitaraua aurkeztuko du, Dietrich Henschel baritonoarekin bat eginik.
Azaroaren 29an, XVIII.mendeko italiako musikagile nagusienen obrak eskainiko ditu Capella dei Turchinik, Antonio Florioren zuzendaritzapean egingo den egitarau honetan.
Urteko azken emanaldia abenduaren 13an izango da. Espainiar dantza konpainia sarituena (CND), Kursaalera iritsiko da Jose Carlos Martinez, bere zuzendari berriaren eskutik. Koreografia guztiak puntatan egiten diren programa neoklasikoa dakar.
Azkenik, Cantus Colln taldeak eskainiko du Kursaaleko 2014ko lehen kontzertua urtarrilaren 23an. Egungo ahots ensemble nabarmenetarikoak alemaniar barrokoaren maisulana eskainiko du, hots, Bachen “Meza nagusia si minor”-ean.
Herri musika
Herri Musikako sailak sei ikuskizun aurreikusten ditu eta horien artean nazioarteko folkeko nahiz euskal musikarien ordezkariak aurki daitezke. Lloyd Cole, pop britainiarreko izenik adierazgarrienetakoa Kursaal Auditorioan izango da urriaren 13an.
Egun batzuk beranduago, urriaren 24an, Alasdair Frase, Natalie Haas eta Xabi Aburruzagak soinu eskoziar tradizionalena eta trikitixaren arteko fusioaren aukerak esploratuko dituzte.
The Waterboys taldeak mugarri gertatu zen Fisherman´s Blues diskoaren 25 urteurrena ospatzen du berrargitalpen eder bat eta azaroaren 26an Kursaalera etorriko den oroitzapenezko itzuli batekin.
Folk suediarraren erregea den Tallest man on Earth, Kursaalen izango da azaroaren 30ean, eta bizitzaz eta emozioz blaitutako abestiak oparituko dizkigu.
Eta abenduaren 22an Sortuko dira besteak II ikuskizunaren bertsio berritu bat itzultzen da. Hamasei artista taula gainean, belaunaldi, estilo eta jatorri desberdinaren arteko zubi bat eraikiaz.
Azkenik, Oreka TX taldeak, Kukai Dantza Konpainiak eta Kalakan hirukoteak bat egiten dute, dantza, musika, kantua eta herri kirolak bat egiten duten ikuskizun honetan. Emanaldia Kursaal Auditorioko kubo handian izango da datorren urtarrilaren 4an.
Musika familian
Familiarekin gozatzeko pentsatuta dagoen ziklo honek bost ikuskizun eta tailer hartuko ditu bere baitan. Urriaren 26an, Asteburuan, Baserrira! tailerra atondu dugu, 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat. Azaroaren 16an Hau da perkusio festa!, zuzeneko irratsaio baten gisara otutako kontzertua aurkeztuko da eta bertan perkusioaren familiako musika tresnak ezagutaraziko dira.
Ondoren, Lau urtaroak aldi berean ikuskariak Vivaldik musikaren bitartez urtaroen bilakaera nola irudikatzen duen azalduko du azaroaren 30ean. Abenduaren 23an, berriz, Kantu Txikiak 2013 lanak euskal errepertorioko haur kantei errepasoa egingo die. Eta amaitzeko, Los Chicos del Coro abesbatzak bere 25. urteurrena ospatuko du abenduaren 29an eskainiko duen kontzertuarekin.