Todd Haynes izango da sail ofizialeko epaimahaiko presidentea
Donostiako Zinemaldiaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur. Jose Luis Rebordinos zuzendariak, zuzendaritza batzordeko Joxean Fernandez eta Maialen Belokirekin batera, aurtengo ekitaldiko epaimahaikideak zeintzuk izango diren plazaratu du. Todd Haynes (Far From Heaven, I’m Not There) zuzendari estatubatuarra izango da sail ofizialeko zuzendaria. “Egungo zinemaren eta AEBetako zinema independentearen izen handietako bat da”, esan du Rebordinosek. Zuzendari handia izateaz gain, diskurtso oneko zuzendari dela nabarmendu du Rebordinosek: “Diskurtso oneko epaimahaiak aukeratzen ditugu, sarietan ere diskurtso hori islatzeko, eta sariek koherentzia izan dezaten”.
Zuzendari Berriak saria emango duen epaimahai burua Marina Stavenhagen gidoilaria izango da; Asier Altuna zinemagilea, Euskal Zinemaren Irizar sariarena; eta Bruno Betatti, Horizontes Latinos sariarena.
61. Zinemaldiak “era askotako istorioak” ekarriko dituela azaldu du Rebordinosek. Zinemaldia zinema zaleen topagune eta eztabaidagune izatea espero du, eta Zinemaldia puzle handi gisa definitu du, pieza desperdinekin osatutako puzle bat. Ikusle bakoitzak gustuko duen filmeren bat aurkituko duelakoan dago zuzendaria: “Barre egiteko, hunkitzeko, mundu honetan gertatzen ari dena ulertzeko, beste mundu batzuetara bidaiatzeko… Era askotako istorioak ikusiko dituzte ikusleek”.FIPRESCI saria, ‘La Vie D’ Adèle-Chapitre 1&2′ filmarentzat
Urteko film onenaren sari nagusia Abdellatif Kechiche zuzendariaren ‘La Vie D’ Adèle-Chapitre 1&2′ filmak jasoko duela iragarri du Rebordinosek. Canneseko azken jaialdiko Urrezko Palmorriaren eta aurtengo FIPRESCI sari nagusiaren film irabazlea da. Zinemaldiaren lehen egunean proiektatuko dute, irailaren 20an, 23:30ean, Kursaalen. Saria jasotzera etorriko da zuzendaria. Sarrerak, irailaren 15ean Zinemaldirako sarrerak irailaren 15ean (igandean) jarriko dituzte salgai. Kursaaleko leihatilan eskuratu ahal izango dira 9:00etatik aurrera. Internet bidez ere jarriko dituzte salgai, Sansebastianfestival.com webgunean eta Kutxabank.net-en. Sarrerak Viktoria Eugenian, Antzoki Zaharrean eta Principen ere eskuratu ahal izango dira, baina irailaren 20tik aurrera. Trueba eta Antiguo Berrin, berriz, irailaren 21etik aurrera.