Okendo aparkalekuko sarrera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Udalak Okendo parkinaren egitura egonkortzeko proiektua idatzi du, baina lanak ez dira Zinemaldia bukatu arte hasiko, lanek jaialdiari eragin ez diezaieten.
Pasa den astean pitzadurak eta hondoraketak izan ziren aparkalekuan, eta ondorioz zutabeetariko batek lau zentimetroko pitzadura dauka eta besteak zortzi zentimetroko sakonerakoa. Horregatik lehen eta bigarren solairuko 24 leku itxi egin dituzte.
Egoera honek ez du segurtasun arazorik eragiten, kaltetutako egiturak behar bezala zurkaiztuta daudelako. Baina kanpoaldean hainbat neurri hartu ditu udalak. Trafikoari dagokionez, adibidez, Errepublika Argentinarra pasealekutik 3.500 kilotik gorako ibilgailuek debekatuta daukate pasatzea eta trafikoaren abiadura ere murriztu egin dute. Bestalde, motoentzako aparkalekua hustu dute, autobus turistikoa bertatik pasa dadin. Okendo kalean izango du orain geltokia, kaltetuta dagoen eremutik urrundu eta aparkaleku gaineko dardarak ekiditeko.