Saharako basamortuan egindako indusketa lanak. (Argazkia: Aranzadi)
Mendebaldeko Saharan 400 pertsona baino gehiago daude desagertuta. Beren familiek urteak daramatzate argibideak eskatzen, baina ez dute erantzunik jasotzen. Gaur, ‘Izan litekeen itxaropena’ txostena aurkeztu dute San Telmo Museoan. Sahararrek jasan dituzten giza eskubideen urraketen froga gisa erakutsi dute.
Hegoa Institutuak, Aranzadi Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak egin duten ikerketa lana da gaur aurkeztu dutena, baina ikerketa lana 2010. urtean hasi zen. Hegoa Institutuak, Euskal Fondoaren laguntzarekin, giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa egin zuen. Carlos Martin Beristainen gidaritzapean egindako ikerketen emaitza pasa den abenduan aurkeztu zuten.
Erakundeetako ordezkariak Saharatik etorritako gonbidatuekin. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Otsailean, berriz, AFAPREDESA, Preso eta desagertu sahararren senideen elkartearen eskaerari erantzunez ikerlari talde bat Saharara abiatu zen. Bertako artzain baten testigantzari jarraituz, zortzi gorpuzkin aurkitu dituzte bi hobitan, Fadret Leguiaa inguruan, Marokok Saharar herria bitan zatitzeko 1982an eraikitako harresitik gertu.
Ikerketa taldea gorpuzkin batzuen atzean. (Argazkia: Aranzadi)
Bi hobietan zortzi pertsonen aztarnak aurkitu dituzte, sei batean eta bi bestean. Pertsona horietako bi nerabeak ziren (14-15 bat urtekoak). Paco Etxeberria Aranzadiko ikerlariaren arabera, “guztiek su armek eragindako hausturak zituzten, gehienak buruan; hilotzak bertan utzi bagenituen ere, froga ugari bildu ditugu, edozeinen aurrean basamortuko leku galdu hartan hilketak gertatu zirela frogatzeko modukoak”.
Ez du zalantzarik utzi Etxeberriak, eta azterketa teknikoez gain, hilketa haiek ikusi zituzten hainbat pertsonen testigantzak aintzat hartu eta egiaztatu dituztela azpimarratu du. Nahiko baldintza zailetan egin zituzten indusketa lanak, lehergailuz beteriko eremua delako. Hala ere, desagertutako sahararren senitartekoek ondotik jarraitu zituzten lanak, eta azkenik beren erritu eta otoitz musulmanak egiteko aukera izan zuten.
Une hunkigarriak bizi izan zituzten orduan, eta baita gaur ere San Telmo Museoan. Bertan izan baitira, adibidez, hobi horietako batean aita eta anaia dituen beduinoa, edo El Ghalia Djimi, Aminatou Haidar bezalaxe, bere herriaren okupazioaren aurka protesta egiteagatik lau urtez espetxean egondako emakumea, eta ama non duen oraindik ez dakiena.
Bertan lurperatu zituzten berriro gorpuzkinak. (Argazkia: Aranzadi)
Oraindik asko direla desagerturik jarraitzen duten sahararrak salatu dute gaurko agerraldian. Marokoren “borondate politiko eta moral” gabezia salatu du, adibidez, El Ghalia Djimik. Carlos Martin Beristain, Hegoako mediku eta ikerlariaren arabera, berriz, “hau ez da ikerketa baten emaitza izan soilik, prozesu baten hasiera baizik; saharar herriak giza eskubide urraketa latzak jasan ditu, mahai gainean dituzue frogak, eta munduak ezin du beste alde batera begiratu”.
Aranzadi elkarteak ‘Egiaren hazia’ dokumentala prestatu du basamortuan egindako ikerketa lanak eta herritarren testigantza zuzenak laburbilduz. Gaur eskaini dute aurrerapen txiki bat, baina
bihar, asteazkena, 19:00etan egingo dute ikerketa lanaren eta dokumentalaren aurkezpena udaletxeko udalbatza aretoan.