Donostikluba, musika independente eta alternatiboaren ahotsa
Urriaren 3an 4an eta 5ean egingo dute jaialdia Gazteszenan, eta zirkuituak emango dio jarraipena.
Donostikluba iristear da aurten ere. Gazteszenako jaialdiak emango dio hasiera Donostiklubari, urriaren 3tik 5era, eta hainbat lokaletan egingo diren kontzertu zirkuituak emango dio jarraipena. Ekaineko musika egunean Belako taldearen kontzertuak emango dio itxiera Donostiklubari. Azken batean, musika independente eta alternatiboari tokia egin nahi diote antolatzaileek, eta guztia azaltzeko prentsaurrekoa eman dute goizean, Egia kultur etxean. “Hiriko kultur programa aberasten du, eta urtetik urtera sendotzen ari da”, aipatu du Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduradunak. Bereziki publiko gazteari zuzendutako jarduera dela gogorarazi du Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak; “Kontzertu txikiak izaten dira, giro intimoagoan, eta horrek bereizten ditu”, gehitu du Sampedrok. Hala, kontzertuetarako sarrerak 9 eta 18 euro artekoak izango direla gogorarazi dute.
Gazteszenako jaialdian, Za!, Wilhem & The Dancing Animals eta The Whip moduko taldeak arituko dira zuzenean. Horietaz gain, ordea, zirkuituari esker, hilean bi kontzertu izango dira hiriko hainbat lokaletan, eta guztira, 16 kontzertuk osatuko dute zirkuitua: Bide Ertzean, Anari, Audience eta Bigot arituko dira zuzenean, besteak beste.
Izatez, Donostikluba 2006ean jaio zen, izen bera duen jaialdiarekin, eta ezinbesteko erreferentea bilakatu zen hirian, halako musika gogoko dutenen artean. Gerora, 2010ean, jaialdiari zirkuitua batu zitzaion, eta hiriko klub eta kolektiboekin lankidetza hasi zuten. Hala, lau helburu nagusi diru Donostiklubak: Musika independente eta alternatiboari leku egitea, hiriko kolektibo independenteei babesa eta laguntza eskaintzea, musika programazio jarraia duten klub edo aretoak zirkuituaren barnean sartzea, eta bertako musika taldeak sustatzea.
EGITARAUA:
DONOSTIKLUBA JAIALDIA. Egia kultur etxeko Gazteszena aretoa.

Donostiklubako antolatzaileak, arduradunak eta babesleak. (Argazkia: E. Zabala)
- Urriak 3: L.A. + Eleanor Friedeberg + Za! + Bill Ryder Jones.
- Urriak 4: Wilhem & The Dancing Animals + Miss Caffeina + Wild Honey + Doble Pletina + Cohete + Kokoshca + Don The Tiger.
- Urriak 5: The Whip + Mendetz + Deptford Goth + Graeme Park DJ. Mala Rodriguez.
- Urriak 20 (20:00): Mountain Goats + Alessis Ark. Intxaurrondo Kultur Etxea.
- Urriak 24 (20:30): Bide Ertzean + Belarmiñak. Gazteszena (Egia K.E.).
- Azaroak 7 (21:00): Acid Mothers Temple + Sister Simone and the Holy Balls. Le Bukowski (Egia).
- Azaroak 16 (22:00): Kakkmaddafakka + Planeta Leta. Intxaurrondo Kultur Etxea.
- Azaroak 22 (22:00): Manel + Herrikojak. Intxaurrondo Kultur Etxea.
- Abenduak 10 (20:00): Destroyer + Lou Topet. Gazteszena (Egia K.E.).
- Abenduak 13 (21:00): Anna Calvi + Anari. Intxaurrondo Kultur Etxea.
- Abenduak 14: Hip-hop festa. Larratxo Kultur Etxea.
- Abenduak 28 (21:00): Audience + Luke Amstrong. Antzoki Zaharra.
- Otsailak 8: Lurrazpiko Festa. Gazteszena (Egia K.E.). Ayo Silver kolektiboarekin batera.
- Martxoak 14 eta 15: Mojo Workin. Gazteszena (Egia K.E.). Gure Gauza kolektiboarekin batera.
- Apirilak 30 (21:00): Bigott. Gazteszena (Egia K.E.).
- Maiatzak 30 eta 31: Soul Supreme. Okendo Kultur Etxea. Beltza Records kolektiboarekin batera.
- Ekainak 6: Surfilm festibala. Gazteszena (Egia K.E.).
- Ekainak 7: Jammin Reggae. Gazteszena (Egia K.E.). Revolutionary Brothers kolektiboarekin batera.
- Ekainak 23: Musikaren Eguna: Belako + talde gonbidatuak. Loiola kalea.