Artea, moda eta musikaz blai jarriko dira asteburuan Donostiako kaleak
Kutxa Kultur Hiria ekitaldia bigarren aldiz egingo dute larunbat eta igandean.
‘1,2,3 .. dantza egizu!!!’ ikuskizuna aurkeztuko du larunbatean Dantzaz konpainiak Gipuzkoa plazan.
Joan den ekainean egin zuten lehen Kutxa Kultur Hiria, eta lortutako arrakasta ikusita, bigarrena egin dute. Larunbat eta igande honetan egingo dute, eta Erdialdea hartuko dute: Gipuzkoa plazatik Bilbo plazaraino. Kaleak musikaz, modaz eta artez josiko dituzte. Izan ere, helburua jendea kalera ateratzea da, kalea sortzaile eta ikusleen arteko topaleku bihurtzeko.
Lehen ekitaldiaren egitura bera mantenduko dute, baina musikaren atala berritu egin dute. Ez dute agertokirik muntatuko. Musikariak Getaria kalean izango dira jotzen, kalean bertan. El Extraño, Kulto Kultibo eta Alex Julian ariko dira larunbatean. Igandean, berriz: Luke Amstrong & Charlie, Prim Lane eta Deliz. Bilbo plazan DJak ariko dira: Ana Sinatra, Josemari, Goo, Primo, Les Marines eta NiMu, besteak beste.
Moda, arte eta diseinuko sortzaileak ere elkartuko ditu kaleko jaialdiak. Lantegi eta tailerretan lan eta lan ari den jendea kalera atera nahi dute, herritarrek haien lana ezagutu dezaten. Bigarren eskuko merkatua, ekainean bezala, Bilbo plazan jarriko dute. Dantzaren gunea Gipuzkoa plaza izango da, eta bertan aurkeztuko du Dantzaz konpainiak ‘1,2,3 .. dantza egizu!!!’ obra.