Bartzelonak Bartzelona izaten jarraitzen duela erakutsi du (4-1)
Bartzelona beste urteetan bezain indartsua ez dela diote batzuek, joko ekimena izatea dagoeneko ez dagoela bere lehentasunen artean diote besteek; hori bai, aurrealdean zitala dela esaterakoan bat datoz denak, eta horixe erakutsi du berriro talde kataluniarrak asteartean, gainontzeko guztia ezeztatzearekin batera gainera. Hain zuzen ere, Bartzelonak aise hartu du mendean Reala Camp Nou futbol zelaian, baloia bere esku izanda, eta indartsu, oso indartsu jokatuta. Reala partidan sartu denerako bi golekin aurrean zen egungo talde txapelduna, 4 eta 8. minutuetan Neymarrek eta Messik lortutako golei esker. 23. minutuan Busquetsek hirugarrena egin du, eta horrela joan dira bi taldeak aldageletara.
Dena erabakita zegoela ekin diote bigarren zatiari. 64. minutuan De la Bellak Realaren gola sartu du, baina Bartrak laugarrena egin du etxekoen alde, 76. minutuan. 4-1ekoarekin bukatu da lehia. Bartzelonak betiko arerio gogorra dela erakutsi du, eta Realarentzat Camp Nou zelai madarikatua dela agerian geratu da berriro. Hemen ez da ezer aldatu.