Arkaitz Artola egiatarraren aurkako sei urteko espetxe zigor eskaerari eutsi dio fiskalak
Arkaitz Artola egiatarra epaitu dute gaur Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, “erakunde terroristari laguntzea” egotzita. Gaur bertan hasi eta bukatu egin da epaiketa, eta fiskalak sei urteko kartzela zigor eskaerari eutsi dio.
2009ko uztailean atxilotu zuten Artola, Guardia Zibilak Gaztesarea proiektu komunikatiboaren kontra egindako operazioaren barruan. Web atarian Segiren errifa baten sariaren berri emateagatik erakunde haren fintzantzaketan laguntzen zuela leporatu zioten. Guardia Zibila Andoaingo egoitzara sartu zen, eta bertan atxilotu zuen egiatarra. Gaztesareako beste ordezkari batzuk ere atzeman zituen, eta guztira bederatzi lagun auzipetu zituzten. Azkenean, baina, Artola izan da epaitu duten bakarra.
Protestak izan dira egunotan Artolari babesa emateko. Epaiketaren bezperan, atzo, elkarretaratzea egin zuten bere auzoan, Egian.
Donostiako Euskal Herria Bilduk ere babesa eskaini dio gazteari. “Demokrazian zilegi diren jarduerengatik, sei urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote Arkaitzi, eta hori, pertsonen oinarrizko eskubideen kontrako eraso larria da gure ustetan. Sinesgaitza iruditzen zaigu, oraindik ere, halako eskubide urraketak salatzen egon behar izatea. Bere itsukeria alboratu eta herritarren artean sufrimendu egoera gehiago ez eragiteko eskatzen diogu Madrili”, salatu du Euskal Herria Bilduk. “Eragile politiko guztion konpromisoa beharrezkoa da bakea eta elkarbizitzaren bidean aurrera egin dezagun. Esku artean dugun aukeraren aurrean, ezinbestekoa da eragile politiko guztiok egoerak eskatzen duen ardura mailarekin jokatzea. Horrek dakar, besteak beste, gisa honetako jazarpen politikoak behingoaz amaitu daitezen lan egitea”, aldarrikatu du. Honela gauzak, Donostiako Euskal Herria Bilduk epaiketa hauek guztiak salatzeko egingo diren mobilizazio eta ekimenekin bat egiten duela nabarmendu du. “Herritarron ardura da injustizia hauek guztiak irmoki salatzea, baita prozedura hauek sufritzen dituzten pertsonei elkartasuna eta babesa eskaintzea ere. Herritarron esku dago, Euskal Herriak demokrazia eta askatasunaren bidean aurrera egitea. Madriletik inposatzen diguten blokeo egoera honen gainetik, herritarrak jazarriko ez dituen herri librea eraikitzeko bidean urratsak ematen jarraitu behar dugu”, erantsi du.