"Barkatu, ¿como se dice silla en euskera?"
Matrikulazio kanpaina bultzatzeko, jarduera deigarria egin dute AEK euskaltegietako irakasleek Bulebarrean.
Donostiako AEK euskaltegietako irakasleak kalera irten dira, gaur eguerdian. Matrikulazio kanpainan murgilduak daude, eta donostiarrak euskara ikastera anima daitezen, ikasgelako arbela Bulebarrean jarri dute.
Post-it orritxo itsaskorrak dira kanpainako protagonistak, ‘El euskara practico’ lelopean. Hori aitzakiatzat hartuta, post-itak hartu eta euren ingututik igaro direnei gaztelerazko hainbat hitzen itzulpena galdetu diete; “Barkatu, ¿como se dice silla en euskera?”. Erantzuna paperean idazteko eskatu diete ondoren, eta arbelean jarri dituzte banan-bana, silla-aulkia, pastor-artzaia, cenicero-hautsontzia… herritarrek harrituta geratu dira orokorrean, batzuk ez dute parte hartu nahi izan, baina, beste askok gustura parte hartu dute, beraz, azkar lortu dituzte erantzunak irakasleek. Orain, jendeak euskaltegian izena ematea izango da gakoa.