Cristina Enea fundazioaren udazkeneko agenda aurkeztu dute
Kalapie izango da udazkeneko agendaren aitabitxia, mugikortasun jasangarriaren alde egindako lana aitortuz.
Udako agenda oraindik amaitu gabe badu ere, Cristina Enea fundazioak udazkeneko agenda aurkeztu du. Ohiko atalak mantendu dituzte, erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak eta irteerak, besteak beste, baina “edukiz beterik” datorrela udazkena aitortu du Txema Hernandez, Cristina Enea fundazioko zuzendariak, eta hainbat berrikuntza ere iragarri ditu. Maite Alvarez, Kalapie Txirrindularien elkarteko kidea ere aurkezpenean izan da, Kalapie izango baita udazkeneko agendaren aitabitxia aurten.
Axier Jaka, ingurumen zinegotziaren arabera, “modu dibertigarri eta erakargarrian herritarrak sentsibilizatzea da jarduera hauen helburua”. Alor ugari jorratzen saiatu dira:
-Erakusketei dagokionez, Clarity da aipagarriena. Klima aldaketaren ondorioei buruzko erakusketa da, eta Baliabideen Etxean egongo da ikusgai urriaren 5etik gabonak arte.
–Thierry Juteau geologo donostiarrak eskainiko duen hitzaldia ere azpimarratu dute. Euskadiko itsaspeko aztarna bolkanikoen inguruko solasaldia izango da. Juteau da itsas azpira kamera batekin sartu den lehen ikerlarietariko bat. Urriaren 3an egingo dute hitzaldia.
-Aurten berriro ere Arkitektura film mintzairak jarduera berreskuratuko dute denboraldi batez egin gabe egon ostean. Oraingoan hiri setiatuak izango dituzte aztergai. Aditu baten aurkezpenaren ondoren film bat eskainiko dute, ondoren hausnarketak egingo dituzte eta jardunaldiari amaiera emateko, hirian barrena bisita gidatua egingo dute, setioak eragindako aztarnak ezagutzeko. Azaroaren 12tik 16ra egingo dute jarduera hau.
-Arrakasta handia duten Etxekolanda tailerrek, JantziAgain azokak eta Haziera azokak ere jarraipena izango dutela adierazi du Txema Hernandezek. Bere hitzetan, “gero eta gehiago dira ingurumenarekin lotutako tailerretan parte hartzen duten herritarrak”.
-Aurtengo berrikuntzen artean, Txori kantua saioa dago. Urriaren 4an, txorien eguna dela eta, Maite Galdeano sopranoak eta Jose Bernardo baritonoak txorien eta herri kanten arteko bidea uztartuko dute.
Urriaren 6an, berriz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ‘Hari-jolasak’ kontzertua eskainiko du Ingurumen Baliabideen Etxean.
Udazkeneko agenda osoa Cristina Enea fundazioko orrialdean dago ikusgai.