Supermintzalagun gehiago behar dituzte
Euskara ikasleei euskaraz kalean lasaitasunez aritzeko bidea ematen die Mintzalaguna jarduerak, euskaraz dakitenen laguntzarekin; Bagerak sortu zuen programa Donostian, duela 20 urte, eta Euskal Herriko beste txoko askotara zabaldu da.
1993ko abenduan hasi zen dena, duela 20 urte. Euskara ikasleek mintzapraktika errazago egiteko, hau da, euskaltegitik kanpo euskaraz aritzeko, ideia bat izan zuen Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Mintzalaguna izenpean, euskara ikasleak astean behin euskaraz ongi moldatzen zirenekin geratzen hasi ziren, euskaraz hitz egiteko, kafe bat hartzen zuten bitartean edo ibilalditxo bat egiten zuten bitartean… eta ongi baino hobeto funtzionatu zuen. Hala, Donostian dozena bat lagunekin abiatutako abentura hura, Euskal Herriko herri askotara zabaldu zen pixkanaka, eta gaur egun, 5.500 partaide biltzen ditu. Aurtengo ikasturtean, Supermintzalaguna izena eman diete partaideei, eta jarduera guztiaren berri emateko eta euskaldunak bertan parte hartzera animatzeko, prentsa agerraldia egin dute arduradunek eta mintzalagunek, gaur eguerdian.
“Supermintzalaguna deitzea pentsatu dugu egunerokoan euren ale txikia jartzeko prest daudenei”, argitu du Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak. Indar gehiago izateko, gero eta mintzalagun gehiago lortu nahi dituzte, eta horregatik, onura bikoitza dela nabarmendu dute. Izan ere, euskara ikasleak euskaraz hitz egiteko aukera izaten du, baina aldi berean, euskaraz ongi moldatzen denak ere asko jasotzen duela diote. Momentu honetan, 20 herri eta eskualde baino gehiagotan darabilte Mintzalaguna programa, Berbalaguna, Solaskide edo Mintzakide izenarekin. Donostian, zehazki, 240 mintzalagunek parte hartzen dute momentuz, baina gehiago behar dituzte. Gainera, Bagerako Aitziber Gurutzeagak azaldu duenez, Mintzalagunak baditu hainbat adar, ikastetxeetan erabiltzen duten Gurasolagun, euskalkia landu nahi dutenentzako Euskalkilagun eta Internet bidez, Skype erabiliz hitz egiteko, Mintzanet. “Ikasleek ohitura eta konfiantza hartu ahala, euren inguruan euskara gehiago erabiliko dute”, gehitu du Gurutzeagak.
Donostian, 240 mintzalagun
Donostiako Mintzalagun programan parte hartzen duten 240 lagunetako bat da Andoni Mutiloa, eta bere esperientziaren berri eman du gaurko agerraldian. “Betidanik izan ditut gogoko hizkuntzak, eta hizkuntza eskolan ingelesa eta frantsesa ikasi ondoren, konturatu nintzen handik kanpo ezin dituela egunerokoan hizkuntza horiek erabili. Lortu ditut txoko horiek, eta oso aberasgarriak egin zaizkit. Bestetik, aspalditik dut harremana Bagerarekin, eta duela pare bat urte mintzalagun izateko proposamena egin zidatenean, baiezkoa eman nuen. Hasieran ez nekiena zen, niretzako ere aberasgarria izango zela. Ikusi dut euskaraz hitz egiteko gutxiengo maila bat izatetik errazago hitz egitera igaro direla, eta nik lagun berriak egin ditut. Horregatik, animatu nahi ditut euskaldunak modu aktiboan parte hartzera, merezi du eta!”, azaldu du Mutiloak.
Aurten, gainera, jarduera gehiago bultzatzeko, ikus-entzunezko bat osatu dute, eta bertan, Kepa Errasti eta Aitziber Garmendia dira protagonistak. Izan ere, aktore profesionalak izateaz gain, mintzalagunak ere badira Errasti eta Garmendia.
Azken helburua garbia da, lagunartean, lanean, familian edo dena delakoarekin, euskaraz aritzea. Informazio gehiago jaso nahi duenak Bagera elkartera dei dezake: 943 46 71 81.