Itsas Aurre: "Gaia erraza da, igeldotarrei galdetu, entzun eta errespetatu"
Igeldoko desanexioa hizpide izan zuten atzoko udalbatzarrean eta Itsas Aurre Elkartearen erantzuna berehalakoa izan da; “haserre” daude alderdi politikoen jarrerarekin.
Ohar baten bidez Itsas Aurre elkarteak bere “haserrea” adierazi du, atzoko udalbatzarrean alderdi politiko ezberdinen jarrera kritikatuz. Elkartearen arabera, udal talde ezberdinek egindako adierazpenak eta hartutako jarrerak ikusirik, igeldotarrek bere etorkizunari buruz galdetuak izateko duten oinarrizko eskubidea “garbiki boikoteatzeko” duten asmoa agerian uzten dute.
“Donostiarren eta igeldotarren interesak defendatu nahi dituztela dioten bitartean igeldotarren iritzia bost axola zaiela nabarmen ikusten ari da gure iritzia galdetzeko aukera bera ere ukatu eta ekidin nahi baitute” gaineratu du elkarteak.
Bestalde, oharrean adierazten dutenez “harrigarria da talde hauek erakusten duten koherentzia eza; demokrazia parte hartzailea eta zenbait gaien inguruan herritarren galdeketak aldarrikatzen dituzten bitartean, igeldotarren kasuan, euren jarrera guztiz kontroakoa da. Talde hauen jarrerak adierazten digu herri-galdeketak egiteko prestutasuna dutela soilik politikoki interesatzen zaien gaietan eta erantzuna beraien gustukoa izan behar duenean”.
Gainera, desanexio prozesua abian jarri zutenetik alderdi politikoek izan duten jarrera salatu du Itsas Aurrek: “Gure haserrea adierazi nahi dugu, guztiz lotsagarritzat jotzen baitugu talde hauek eta Donostiako udalak guztiz zilegia den gure aldarrikapenaren aurrean izan duten jokaera. Azkeneko 18 urte hauetan, legeak ezarritako prozedura bete ez duen bakarra Donostiako udala izan da. Izan ere, 95. urtean dagoeneko araudiaren eta prozeduraren lehen urraketa burutu zuen Donostiako udalak, Auztegi Gorenak bere epaiekin frogatu duen moduan. Gogoratu nahi dugu erabaki hori PPk, PSEk eta EAJk onartu zutela, prozedura amaigabea bilakatuz, horrek berarekin dakartzan koste pertsonal eta ekonomiko guztiekin”.
Itsa Aurre elkarteko kideen haserrea areagotu egin da, hainbeste urteren ostean, alderdi politikoak “bide beretik jarraitzeko erabaki irmoa” erakusten dutelako. Era berean, herritarren artean “iritzi faltsuak eta izua sortarazteko gezurrezkoa informazio zabaldu izana” ere gogor salatu du Itsas Aurrek.
Azkenik, Igeldoren desanexioa aldarrikatu eta beren legitimatea defendatuko duela adierazi du elkarteak: “Ozenki diogu gezurretan ari direla araudia bera eta legeak eskatutako baldintzak betetzen ez ditugula diotenean edo eta herri-galdeketa legala ez dela esaten duten bakoitzean. Gure iritziz gaia erraza da: igeldotarrei beraien iritzia galdetu, entzun eta errespetatzea. Horretarako prest al daude talde politikoa hauek?. Zorritxarrez, badirudi, nagusitasuna eman nahi dietela beraien interes politiko eta elektoralistei.
Ziur gaude, talde hauek, ongi dakitela igeldotarren gehiengoa desanexioaren eta udalerri berri bat sortzearen alde dagoela eta horrek beraien jarrera oraindik antidemokratikoagoa bilakatzen du”.