Breakdancea izan da nagusi Easo plazan. (Argazkia: E. Zabala)
Frantzia, Katalunia, Venezuela, Espainia zein Euskal Herriko breakdance dantzariek bat egin dute gaur arratsaldean, Easo plazan. Izan ere, Dantza Hirian jardueraren barnean, I. Breakdance lehiaketa antolatu dute, eta 14 taldetan banatutako 40 dantzari baino gehiagok erritmoa eta bizia eman diote Amarari, bertako lurra dantzagune bihurtuz. Ikusleek ere ez dute hutsik egin, eta dantzarien abileziak jarraitzeaz gain, txalo eta oihuekin giroa berotu dute lehia iraun duen bitartean, hau da, pare bat orduz.
Bilboko Invertek jarri dio ahotsa lehiari; eta aurkezle lana egiteaz gain, rapeatzen ere aritu da. Espainiako breakdance txapelketako txapeldun ordea da Invert bera, eta munduko freestile rankingaren barnean dago. Musika, berriz, Zaragozako Lady Funkek jarri du, eta epai mahaia, Kadoer, Chey eta Albertop Rockek osatu dute. Dantzarien orijinaltasuna, erritmoa eta energia hartu dituzte kontutan epai-mahaikideek, eta gehienetan irabazlea garbi izan duten arren, batzuetan zalantzaren bat ere izan dute.
Lehenengo bi kanporaketa jokatu dituzte, taldeak binaka atera dira plaza erdigunera, eta bata bestearen aurka aritu dira, aurrez aurre. Lehenengo kanporaketan partaide bakoitzak aukera bat izan du, eta koreografiarik egin gabe euren abileziak erakutsi behar izan dituzte. Hala, 14 taldetatik 8k egin dute aurrera, eta ondoren, bigarren kanporaketa jokatu dute, orduan bai, koreografiekin, eta horrela, talde garailea erabaki bitarte. Talde txapeldunak 1.000 euro irabazi ditu, eta bigarrenak, 500 euro.