Perretxikoen bueltan jai ederra egin dute Loiolan
XV. Mikologia eta Gastronomia Jardunaldiei bukaera eman diete auzotarrek.
Loiolatarra elkarteak aurten ere ez du hutsik egin, eta XV. Mikologia eta Gastronomia Jardunaldiak antolatu ditu Loiolan, ohiturari jarraiki. Hainbat kontuk osatzen dituzte jardunaldiak: ikastaroa, hitzaldia, argazki lehiaketa, dastatze afaria, perretxiko bilketa eta sailkatzea, eta jaia. Hain zuzen ere, gaur goizean hasi eta eguerdira arte giro paregabea izan da Latsarien plazan, jardunaldiei bukaera eman dien jaia ospatu baitute bertan, jardunaldiei itxiera emateko. Auzotar ugari bildu dira plazan, eta pintxoez eta sagardoaz gozatzeaz gain, 208 espeziek osatutako erakusketa izan dute ikusgai: Russula Parazurla, Lactarius Vellereus, Hydnum Repaudum, Russula Zusea… erakusketako perretxiko bakoitzari bere izena eta azalpentxoa jarri diote, eta auzotarrek jakinminez begiratu dituzte guztiak ere. Denetariko postuek ere izan dira, gazta eta txorizoa, egurrezko perretxikoak, Kilometroak jaiko arropa, piper erreak…Txikienek ederki pasa dute, izan ere, Sustrai aisialdi taldeak jolasak antolatu dituzte beraientzat, perretxikoak aitzakiatzak hartuta. Auzoko tabernek ere jaiarekin bat egin dute, eta pintxo pote mikologikoa eskaini dute.
Argazki lehiaketa bigarren urtez antolatu dute, eta honakoak izan dira lehen hiru sailkatuak: Ekaitz Lagoren Parasol, Txetxu Bilbaoren Xirimiri, eta Fernando Zamarbideren En familia.