Manifestazioaren burua, udaletxea atzean uzten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Manifestazioa egin dute gaur Bulebarrean; bihar elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean, Artzain Onean.
Herriraren kontrako polizia operazioan atxilotutako hemezortzi euskal herritarrak babesteko, eta presoei elkartasuna adierazteko, manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean Donostian. Bulebarretik irten da mobilizazioa,
Konponbideari erasorik ez! Utzi bakean Euskal Herria leloarekin. Erdialdea zeharkatu eta gero, manifestazioaren amaieran, presoei babesa ematen jarraitzeko deia egin dute deitzaileek Bulebarreko kioskotik; egunotan antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzen, banderolak balkoietan jartzen edo sakabanaketaren aurkako ikurrak soinean eramaten. Honen harita, Artzain Onean bihar, 19:30ean, egingo duten elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak.
Polizia operazioa salatzeko hartu dute hitza. “Presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendarte gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat da polizia operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen aldarrikapena kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du Espainiako Estatuak, eta konponbidea blokeatu eta zapuztu. Bakearen aurka erabiltzen du euskal presoei ezartzen dien espetxe politika kriminala. Euskal Herri osoaren aurkako operazio bat da hau”, azaldu dute, eta erasoak “erantzun zabal bezain irmoa” behar duela nabarmendu dute. Hortaz, mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.