Zaborren kudeaketaz hausnartzeko topaketa egingo dute Ubako aterpean
Errausketarikez.org webgunean.
Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu dute Zaborzaleen XXIII. Topaketa; Azaroaren 1, 2 eta 3an egingo dute Ametzagainako Uba aterpean.
Hogeita hiru urte badira ‘Zaborzaleen Topaketa’ egiten dela, eta aurten lehen aldiz, Donostian egingo dute. Topaketaren helburua herri eta arlo ezberdinetako adituak elkartu eta hiri hondakinen kudeaketari buruzko ezagutzak partekatzea da.
Kepa Olaiz, Errausketaren Aurkako Herri Plataformako kidearen arabera, garrantzitsua da halako jarduera bat Donostian egitea, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa sistemaren egoera kontua izanik. “Erraustegiaren aurkako jarrera garbia adierazi du jendarteak, eta beste bide batzuk ere proposatu zaizkie udalerriei, gaikako bilketa intentsiboa adibidez, eta ez partziala; azken hau erraustegiaren osagarri izango bailitzake”, adierazi du Olaizek.
Gaikako zabor bilketa intentsiboaren bidez hondakinen %80a bilduko litzatekeela gogoratu du Olaizek, “eta datu horiek serioski pentsarazi beharko lukete erraustegi baten beharraz”. Bilketa selektiboa Gipuzkoako 18 herritan egiten da, eta hondakinen “beste kudeaketa bat” posible dela azpimarratu du Olaizek.
Bestalde, ‘Zaborzaleen Topaketa’ izenez egingo den jardunaldiaren izenburuak kontraesana dirudiela aitortu dute antolatzaileek. “Talde ekologistak izaki, kontraesana dirudi zaborzaleak izatea, baina egia da, zaborzaleak gara; baliabide ugari bota edo erretzen da zaborra balitz bezala, baina hondakin horiek ondo kudeatu eta berrerabiltzen ikasi beharra dago”, esan du Raul Redin, jardunaldien antolatzaileetariko batek.
Hiri hondakinen kudeaketaren harira, “jende asko dago guk botatzen dugun zaborrari esker bizi dena; ez gara konturatzen ongi kudeatzen badira hondakinak baliabide izan daitezkeela”, gaineratu du Olaizek.
Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea eta Donostia Bizirik dira Zaborzaleen XXIII. Topaketaren antolatzaileak, Ekologistak Martxan taldearen laguntzarekin. Hondakinen kudeaketa egokia lortzeko bidean, hainbat herritako adituak, talde ekologistetako kideak edo zabor bilketa kooperatibetako kideak elkartuko dituzte Ubako aterpean, Ametzagainan. Azaroaren 1, 2 eta 3an egingo dituzte topaketak, saio teoriko eta praktikoekin. Kepa Olaizen esanetan, “Erraustea ez da irtenbidea, eta ziur gaude topaketa hauei esker hondakinen kudeaketa egokia lortzeko bidean izugarri ikasiko dugula”.
Zaborzaleen XXIII. Topaketaren egitaraua:
-Azaroak 1, ostirala:
-9:00etan: Jardunaldien aurkezpena.
-10:00etan: Ainhoa Intxaurrandieta, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakaria, atez atekoa, Zero Zabor egitasmoa eta Gipuzkoako egoerari buruz.
-12:15ean: Gipuzkoako hainbat herrik beren esperientzia azalduko dute. Batetik, Astigarragako ordezkariak Atez-atekoari buruz arituko dira, eta bestetik Urnietakoak, bosgarren edukiontziari buruz. Kataluniako teknikariak ere gonbidatuko dituzte.
-16:30ean: Cadaquesen arrakasta izugarria izan duen Retorna sistema azalduko dute: plastiko eta beirazko edukiontziak bueltatzeagatik deskontu bonoak eskuratzen dituzte herritarrek.
-18:30ean: Gaikako bilketan aritzen diren hainbat enpresa elkartuko dituzte: Koopera, Emaus, Aeresss.
-Azaroak 2, larunbata:
-9:00etan: Bisita gidatuak egingo dituzte Astigarragara (Atez-atekoa, taldekako konposta, olio bilketa…) eta Urnietara (bilketa eta garbigunea).
-16:30ean: Hondakinen kudeaketari buruzko Europa mailako legedia eta gomendioak aztertuko dituzte. Ricardo Ortega, San Markos Mankomunitateko zuzendari izangakoa izango da hizlaria.
-18:30ean: Porland fabriketan hiri hondakinak nola erretzen dituzten aztertuko dute.
-Azaroak 3, igandea:
-9:00etan: Hondakin gutxiago sortzeko gakoak, eta festa handietako hondakinen kudeaketaz arituko dira. Batetik, Manu Gonzalez, Cristina Enea Fundazioko jasangarritasun behatokiko zuzendaria, eta bestetik, Tolosako teknikariek Kilometroak jaian erabilitako bilketa sistema azalduko dute.
-10:30ean: Jose Miguel Edeso, EHUko irakasleak materia organikoak lurrean dituen onurak azalduko ditu. Hau da, konposta nola eta zergatik erabili behar den ongarri moduan.
-13:00etan: Jardunaldiei amaiera emateko protesta ekitaldi bat egingo dute Foru Aldundiaren parean.
Azken jarduera honi dagokionez, antolatzaileek gogoratu nahi izan dute data horietan mundu mailako errausketaren aurkako eguna ospatuko dela, eta han eta hemen egingo diren aldarrikapenekin bat eginez, Donostian ere ekitaldi deigarri bat egingo dutela.
Zaborzaleen Topaketan parte hartzeko izena eman behar da urriaren 5a baino lehen