Añorgako frontoia eta bolatokia diseinatu zituen arkitektoa omendu dute
http://youtu.be/hpbOhRZbQFc
Iberiar Penintsulako arkitektura ondare izendatu dituzte Eduardo Torrojaren lanak, eta hori baieztatzen duen plaka bat jarri dute pilotalekuan bertan.
Eduardo Torroja arkitektoa omendu du Cementos Rezolak, Añorgako frontoiaren eta bolatokiaren egilea. Izan ere, bi lan horiek Iberiar Penintsulako arkitektura modernoaren ondare izendatu dituzte, DOCOMOMO Ibericoaren sariaren bidez. Hala, nazioarteko aitzatespena jaso dute frontoiak eta bolatokiak. Hori dela eta, frontoian bertan arkitektoaren omenezko plaka bat jarri dute, plaka modernoa. Mugikorra plakara hurbilduz, QR irakurgailuaren bidez obraren informazioa jasotzeko aukera ematen baitu.
Omenaldian izan dira Jose Maria Etxarri Cementos Rezolako ohorezko presidentea, Antonio Nolasco Museum Cemento Rezolako zuzendaria eta Manuel Paja Fano Euskadi eta Nafarroako Arkitektoen Eskola Ofizialeko dekanoa. Hain zuzen ere, azken horrek proposatu ditu Torrojaren lanak sarirako hautagai gisa. Añorgatarrek ere ez dute hutsik egin, noski. Bertan azaldu dutenez, Añorgako frontoia 1949an eraiki zuten eta 1926an sortutakoa ordezkatu zuen. Estalki berezia du frontoiak, zapaiak onda forma baitu. “Bagenekien lan orijinala zela, baina sari honek daukan garrantzia agerian utzi du”, aipatu du Etxarrik. Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak eraikina behar bezala mantentzeko egindako mantenu lana goraipatu du Etxarrik, eta milaka añorgatarrek gozatutako frontoia dela oroitu du. Bide batez, Mikel Unanue eta Oier Mendizabal pilotari añorgatarrak bertan aritutakoak direla aipatu du. Bolatokia, berriz, hamar urte beranduago eraikitakoa da, eta udaleko agirien arabera Torrojaren lana dela dioen arren, egiletasuna ez dute guztiz ziurtzat jotzen.
Plaka erakutsi aurretik, hitzaldi bat eskaini du Juan Monjo Carriok, frontoiaren eta arkitektoaren ezaugarri nagusienak azalduz. Torrojaren lanen artean honakoak topa daitezkeela aipatu du: Algeciraseko merkatua (1933), Zarzuelako hipodromoa (1935), Recoletos frontoia (1936) eta Grao de Gandiako eliza (1961).
Eduardo Torroja madrildarra zen, 1899an jaio eta 1961ean hil zena, 61 urte zituela. Adituen arabera, Europan XX. mendean egondako arkitekto garrantzitsuenen artean dago. Bitxikeri moduan, Ana Torroja abeslari ezaguna bere biloba da.