Atxilotuei babesa emateko mobilizazioek jarraipena izan dute Artzain Onean
Herriraren kontrako polizia operazioa salatu dute gaur berriro; oraingoan, Artzain Ona elizaren aurrean, Konponbideari erasorik ez! Utzi bakean Euskal Herria leloarekin. Jende andana hurbildu da elkarretaratzean, atxilotuak askatu, Herrira aurrera eta presoak kalera, amnistia osoa oihuen artean. 19:30ean hasi da protesta, eta 20:00etan amaitu.
Elkarretaratzea bukatu aurretik, datozen egunetan egingo dituzten mobilizazioak jakinarazi dituzte. Bihar, asteazkena, agerraldi masibo bat egingo dute Bulebarrean, 12:00etan, komunikabideen aurrean. Kultura eta sormenaren munduan, kirolean zein herri mugimenduan jarduten duten dozenaka lagunek bat egingo dute protestarekin, eta Irekialdia izena duen ekimena aurkeztuko dute, herriz herri gauzatuko dutena. Asteazken arratsaldean, 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute berriro Artzain Onean. Ostegunean, protestak egingo dituzte auzo guztietan. Ostiralean, goizerako, sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte lantokietan eta udaletxean. Arratsaldean, aldiz, auzoetatik giza kateak irtengo dira Donostiako enkarteladan parte hartzeko. Bukatzeko, larunbatean, auzoetatik autobusak irtengo dira Bilborantz, arratsaldean egingo duten manifestazio nazionalarekin bat egiteko.