
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Bera Bera Eskubaloiak etxean ekingo dio lehiari, Mazedoniako El Vardar taldearen aurka.
Realak ez ezik, Donostiako beste talde batek ere Txapeldunen Ligan jokatuko du 2013-2014 denboraldian, Bera Bera Eskubaloiak, hain zuzen ere. Etxean ekingo dio lehiari, multzokako fasean, Mazedoniako El Vardar taldearen aurka. Hirian jokatuko duen arren, ez da ohiko kantxan arituko Bera Bera, Bidebieta utzi eta Anoetako Gaska kiroldegia izango baitu aterpe, igandean, 12:15ean. Guztiaren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute hainbat arduradunek, gaur goizean: Fernando Diez Bera Berako presidenteak, Asier Sarriegi aldundiko Kirol zuzendariak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak. “Erronka zaila da, baina pozgarria”, aldarrikatu du Diezek. Azken batean, badakite maila handiko taldeak izango dituztela aurkari, euren aurrekontua hirukoiztu edo laukoizten dutenak, baina Diezek argi du taldeak bere onena eskainiko duela. Partidetarako sarrerek 10 euroko prezioa izango dute, eta herritarrei bertaratzeko dei egin diete.
Joan den denboraldian, ABF liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituen Bera Berak; denboraldi bikaina. Hala, Liga irabazteari esker, zuzenean Txapeldunen Liga jokatzeko txartela irabazi zuen. Kirol mailan irabazitakoak, ordea, buruko minak ekarri zizkien klubeko arduradunei, ekonomia kontuak medio. Azkenean, erakundeen babesari esker, aurrera egitea erabaki zuten. Hala ere, Diez berak gaurko agerraldian onartu du klubarentzat datozen denboraldietan arazoak ekar ditzakeela. Aldundiko Sarriegiren hitzetan, aurtengo denboraldian Bera Bera izango da diru-laguntza handiena jasoko duen Gipuzkoako taldea, Kirolgiren bidez. Eusko Jaurlaritzatik, berriz, Gaskan jarri beharreko pista urdin berezia ordainduko diete. Hala ere, horrekin ez du nahikoa izango klubak aurrera jarraitzeko, eta enpresa gehiagoren ateak jotzen jarraituko duela ziurtatu du Diezek.