Gaueko partidarako berotzen ibili dira realzaleak
Realak Txapeldunen Ligako bigarren partida du gaur, 20:45ean, Leverkusenen. Europara bidaia egin dute txuri-urdinek aspaldiko partez (lehen norgehiagoka etxean izan zen), eta eurekin realzaleek. Jarraitzaile ugari joan dira Alemaniara lehia bertatik bertara ikusteko eta, horrekin batera, turismoa egiteko. Alemaniatik irudi ederrak bidali dizkigute zenbait zalek; atzoko gauarenak eta gaur goizekoak, partida aurreko orduak ingurua ezagutzeko aukera ematen ari baitira. Kolonian lo egin zuten atzo hainbat realzalek, eta arratsaldeko lehen ordua arte ez dira Leverkusenera joango (20 kilometro besterik ez daude bi hirien artean), bertako Bayerrek eta Realak jokatuko duten partidan izateko. Horrenbestez, giroa Kolonian egon zen atzo eta gaur goizean. Eta noski, Alemaniako garagardoa lehentasun bilakatu da jarraitzaile txuri-urdinentzat.
- Kolonian igarotzen ari dira partida aurreko orduak. Irudian, bertako katedrala. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
- Realzale bat, pianoa jotzen -edo saiatzen-. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
- Txuri-urdinez tindatzen ari dira kaleak. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)