Herriz herri egingo dituzten jardueretan parte hartzeko deia egin dute
Ostiralean ‘irekialdiak’ edo izaera anitzeko jarduerak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, eta larunbatean manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean.
Herrira mugimenduaren aurkako polizia operazioa salatzeko kultura, kirola eta beste hainbat alorretako pertsonak agerraldia egin dute Bulebarrean. Estitxu Eizagirre, Argiako zuzendariak eta Imanol Ubeda musikariak hartu dute hitza. Herrira herri mugimendua dela gogoratu dute, eta atxilotutako hemezortzi lagunen izenak aipatuz “pozik eta harro” daudela adierazi dute beraiek ezagutu izanaz, eta beraiekin hainbat hitz aspertu partekatu izanaz. Era berean, Herrirak euskal presoen eskubideen alde egindako lana goraipatu dute.
Polizia operazio hau euskaldun guztien aurka egindako erasoa izan dela salatu dute; askatasun demokratikoen aurkako erasoa. “Ez dugu oinarrizko eskubide zibil eta politikorik, adierazpen askatasuna eta batzartzeko eskubidea murrizten eta debekatzen dizkigutu. Hala ere, azken eraso honen helburu nagusia presoen aldeko jarduna isilaraztea da; preso eta iheslarien elkartasuna kriminalizatu nahi dute”.
Espainiak ez daukala Euskal Herriko gatazka konpontzeko asmorik salatu dute, baina Herrirak egiten zuena egiten jarraituko dutela adierazi dute: “Herriz herri euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatzen jarraituko dugu, bakea eta askatasuna eraikitzeko lanean jarraituko dugu, amesten dugun Euskal Herrian aske bizi gaitezen”.
Asteburuko jarduerak
Atxiloketak salatzeko eta euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsa aldarrikatzen jarraitzeko, ostiralean, urriak 4, Euskal Herriko herri eta hirietan Irekialdiak egingo dituztela iragarri dute. Hau da, hainbat jarduera antolatuko dituzte hainbat herritan, eta beraietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei: “Herrirak egiten zuen modura, tantaz tanta herri mugimenduaren indarrez, plaza bakoitza preso eta iheslarien eskubideen aldeko itsaso bihurtuko dugu”, adierazi dute.
Aldi berean, larunbatean Bilboko kaleak beteko dituen “olatu erraldoia” osatzeko deia egin dute. Manifestazioa 17:30ean izango da.
