Realzaleak, BayArena estadioko harmailetan. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Realak ezin irabazi jarraitzen du; eta are eta okerrago, porrotarekin etxeratu da Alemaniatik. Berdinketa baliagarri bat eskuratuko zuela zirudienean, luzapenean jaso du 2-1ekoa Leverkusenen, falta jaurtiketa baten ondorioz. Hegelerrek gol bikaina lortu du, 91. minutuan, baina Bravok zer edo zer gehiago egin zezakeen sentsasioa geratu da.
Horrenbestez, Bayer Leverkusenek lortu du garaipena (2-1), Txapeldunen Ligako bigarren norgehiagokan, Realak etxetik kanpo jokatutako lehenengoan. Txuri-urdinek partida sendoa jokatu dute, aspaldiko partez, eta ez dute porrota merezi izan. Irabazteko aukerak ere izan dituzte, baina zoritxarrak lehia galtzera eraman ditu.
Lehen zatia bukatzear zela, 45. minutuan, alemaniarrak aurreratu dira markagailuan, Rolfes kapitainak lortutako gol bati esker. Golak min handia egin zezakeen, atsedenaldirako segundo gutxi falta zirela lortu dutelako; Reala, baina, berdinketaren bila irten da aldageletatik, gogotsu, eta donostiarren gola 51. minutuan iritsi da. Carlos Velak egin du, penalti baten bitartez, jaurtiketan huts egin duen arren.
Hortik aurrera, joan-etorrian oinarritutako partida bat izan da. Realak hobeto jokatu du, baina, lehiaren azken txanpan, Bayer Leverkusen arriskuarekin hurbildu da Bravo atezain txuri-urdinaren atera. Edonork irabaz zezakeen, eta azkenean Bayer Leverkusenek izan du zortea alde.
Taldeko beste partidan, Shaktar Donetsk eta Machester United taldeek bana berdindu dute. Bi hauek berdinduta daude sailkapenean, lehen eta bigarren postuan, lau punturekin. Bayer Leverkusen hirugarren da, hiru punturekin. Reala azken postuan dago, punturik gabe. Oso zail jarri zaizkio gauzak, baina realzaleek ez dute etsiko. Leverkusenen, azken momentuan kolpe gogorra jaso arren, animatzen jarraitu dute.
Realak Espainiako Ligari helduko dio larunbatean, 18:00etan. Vallecasen jokatuko du, Rayoren aurka.
Elustondo, Leverkusenen jokatutako partidan. (Argazkia: Realsociedad.com)