Txomin Enea eraldatuko duen proiektuari hasierako onarpena emango diote
Auzoaren maila igo eta etxebizitzak eraiki ondoren egingo dute Txomin Eneako ibai parkea; gutxienez zortzi urte beharko dira eraldaketa osoa egiteko.
Tokiko gobernu batzordeak Txomin Eneako ibai parkea egiteko proiektuari hasierako onarpena emango dio ostiral honetan. Proiektu honek 4.167.549 euroko aurrekontua izango du, eta uholdeekin izaten diren arazoak konpontzeaz gain, natur gune bat sortzea izango da helburua.
Ricardo Burutaran, hirigintza zinegotziak azaldu duenez, horretarako, ordea, lehenengo ingurua egokitu beharko da. Hori dela eta, lehenik auzoa 3-3’5 metro goratuko dute. Horretarako Txominen bertan bota dituzten eta botako dituzten hainbat eraikinen hondakinak erabiliko dituzte, eta baita autobus geltoki berriko lanetan sortzen direnak ere.
Lanen lehen zatian hainbat eraispen lan egingo dituzte: Donosti Arraun Lagunaken eraikina, Parfer enpresaren eraikina edo udal hazitegiaren etxola, adibidez. Lanen eremurako sarrerak eta irteerak egokituko eta Kristobaldegi komentuaren harresia ere botako dute.
Eremuaren betelana egin ondoren etxebizitzak eraikiko dituzte eta baita oinarrizko zerbitzuak ere. “Sarrera irteera egokiak, eta beharrezko zerbitzu guztiak eraikiko dira auzoan, bizilagunak etorri baino lehen”, esan du Burutaranek.
Txomin Enea guztiz eraldatuko duen proiektua “oso garrantzitsua” dela adierazi du Burutaranek. “Garai ekonomiko zailak dira, baina auzo hau eraldatzeko emandako hitza betetzeko izugarrizko ahalegina egiten ari da udal gobernua”, esan du. Gainera, hirigintza zinegotzia baikor agertu da Eusko Jaurlaritzarekin duten harremanarekin, Jaurlaritzatik etorriko baita babes ofizialeko hainbat etxebizitza eraikitzeko laguntza.
Ibai parkea
Auzoaren maila igoz uholdeen arazoa konpondu eta mila etxebizitzatik gora egiteaz gain, ibai parke bat egingo dute Txomin Enean. Ibai parkeak 28.000 metro karratu izango ditu, Loiola eta zubi berria kontuan hartu gabe.
Parkeak ibaiarekiko duen distantziaren arabera, lau gunetan banatuko dute parkea, eta aldez alde zeharkatuko duen bide bat izango du. Bide horretan hiru ibilbide zehaztuko dituzte:
-Hiri ibaiertza: Ibaitik zazpi metroko altuerara egongo da, eta parkera jeitsi nahi ez duen oinezkoak inguruaren zabalera osoaz gozatzeko aukera izango du.
-Paisaia ibilbidea: 600 metroko ibilbidea izango da, bizikletaz nahiz oinez egiteko, bertako landareriaz gozatzeko aukera emango duena.
-Erribehera hezegune ibilbidea: Ibaiertzeraino iristen den bidea izango da, egurrezko elementuak, ontzientzako lekuak eta lur zingiratsuak izango dituena. Hegaztiak ikusi, arrantza egin edo etorkizunean bainurako lekua izango da hau.
Bost sarrera egingo dituzte parkera, eta aisialdirako guneak ere egokituko dituzte bertan.
Proiektu garrantzitsua dela adierazi du Burutaranek eta zortzi bat urte beharko dituztela Txomin Eneko eraldaketa egiteko.